Ekonomia -
Defizit muga
Espainiari defizitagatik isuna jartzeko prozesua atzeratu du EBk
Ecofinek ez du gaia ekainera edo uztailera arte jorratuko; beraz, ez dute zigorraren zenbatekoa hauteskundeen aurretik jakinaraziko.
agentziak | erredakzioa
Europako Batzordeak Espainiako Estatuari 2015eko defizit helburua urratzeagatik isuna jartzeko prozesua ekainera edo uztailera arte atzeratzea erabaki du gaur. 2.000 milioi euro inguruko isuna jaso dezake Espainiako Gobernuak defizitaren muga gainditzeagatik. Horrez gain, aurrekontuen desoreka % 3tik behera uzteko urtebeteko epea eman dio Batzordeak.
Espainiako Estatuak BPGaren % 5eko defizita utzi zuen administrazio publikoetan 2015ean, Bruselak eskatutakoa baino zortzi puntu handiagoa. Espainiako Gobernuak defizita murrizteko aurkeztu duen prozesuak % 3,6ko defizita aurreikusten du 2016rako, eta % 2,9koa, 2017rako. Hala ere, Europako Batzordeak % 3,9ra eta % 3,1era igo ditu aurreikuspen horiek.
Azkenean, EBk defizita murrizteko "ekintza eraginkor falta" atzematen badu, Ekonomia eta Finantza ministroei (Ecofin) dagokie hori baieztatzea. Ministroek ekaina bukaeran edo uztaila hasieran jorratuko dute gaia.
Espainiari zigorra jartzea erabakitzen badute, isunaren zenbatekoa ekainak 26ko hauteskundeen ondoren jakinaraziko dute.