Ekonomia -

Lan-gatazka

Bilboko Arte Ederren Museoa itxita, langileen greba dela eta

ELAk eta LABek deitu dute 24 orduko lanuztea 'Morales Jainkotiarra' erakusketaren azken egunean.

Protesta Arte Ederren Museoko atarian. Argazkia: EiTB
Protesta Arte Ederren Museoko atarian.
Arte Ederren Museoko langile azpikontratatuak, greban

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Arte Ederren Museoak ezin izan ditu gaurkoan ateak ireki azpikontratatutako Manpower enpresako langileen greba dela eta, LABek jakitera eman duenez.

ELAk eta LABek deitu dute 24 orduko lanuztea 'Morales Jainkotiarra' erakusketaren azken egunean.

34 dira, hain zuzen ere, azpikontrata horrek Bilboko museoan lanean dituen langileak, eta lanuztearen jarraipena % 95ekoa izan dela azaldu du LABek.

Ikusleen arretaz, dendaz, txarteldegiez, harreraz, aretoko laguntzaz, bisita gidatuez eta hezkuntzaz arduratzen dira langile horiek, eta museoak ezin izan ditu ateak ireki langile horiek gabe.

Beharginek kontzentrazioa egin dute museoko atarian, eta "prekarietatea" amaitzea eskatu dute. LABek lan-baldintza "duinak" eskatu ditu, langileek hamar urte baitaramatzate soldatarekin izoztuta, eta beren lanpostuek "inolako egonkortasunik ez" dutelako, subrogazioa ez dagoelako bermatuta.

Lanaldi partzial osoak dituztenek ere 800 euro inguruko soldata dutela salatu du sindikatuak, baina "are soldata baxuagoak" ere badaudela salatu dute. Hori dela eta, egoera "jasanezina" dela adierazi du, eta, horren aurrean, neurriak hartzeko eskatu dio Bilboko Arte Ederren Museoaren patronatuari (Bilboko Udala du buru).

Sindikatuak aurreratu du bihar enpresarekin biltzeko asmoa dutela, eta, ekainaren 7a baino lehen mugimendurik ez badago, egun horretan bertan greba mugagabea abiatuko dutela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Langileen Alkartasuna LAB Grebak albisteak EAE Artea Eguneko albisteak Sindikatuak Espainian Bilboko Arte Ederren Museoaren albisteak Lan gatazkak albisteak gaur