Ekonomia -
Astelehen honetan
Bilboko Arte Ederren Museoko langile azpikontratuek greba egingo dute
Astelehen honetan egingo dute greba, pinakotekan Museoen Nazioarteko Eguna aurretiaz ospatuko dutela aprobetxatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Arte Ederren Museoari zerbitzuak ematen dizkion Manpower azpikontratako 34 langileek greba egingo dute astelehen honetan, hilaren 16an, pinakotekan Museoen Nazioarteko Eguna aurretiaz ospatuko dutela aprobetxatuta.
ELA sindikatuak ohar baten bidez salatu du langile horiek "lana izateko ziurtasun" falta dutela, "subrogazioaren aukera ez baita jasotzen kontratazio- eta soldata-orrietan". Gainera, lanaldi partzialak dituztela eta lanaldi osoko soldata ez dela 900 eurora iristen gaineratu du.
Hori dela eta, egoeraren eraginpean dauden langileek, besteak beste, aretoetan, dendan, txarteldegian, harreran lan egiten dutenek, grebarekin bat egingo dute. Horrez gain, museoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte.
Bestalde, ELAk gogoratu duenez, datorren ekainaren 7tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote "hiperrealismoari buruzko erakusketaren inaugurazioarekin bat eginez", euren eskaerei jaramon egiten ez badiete.