Ekonomia -
EMPLEGU BERRIA
Tubos Reunidos-ek gazteei zuzendutako 80 lanpostu egonkor sortuko ditu
Enpresak instalazio berriak inauguratu ditu gaur, eta, lehenengo fase batean, gazte kualifikatuei zuzuendutako 80 lanpostu egonkor sortuko dituztela esan dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tubos Reunidos-en Premium Threads instalazio berria ostiral honetan inauguratu dute Langraizen (Araba) eta, denetara 30 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan. Inaugurazio ekitaldian enpresak esan duenez, gazte kualifikatuei zuzendutako 80 lanpostu egonkor sortuko dituzte.
Euskal Herrian eraiki duten bosgarren fabrika da Langraizekoa eta, OCTG Premium produktuak ekoiztu eta merkaturatuko dituzte. Produktu hauek petrolioa eta gasa bilatzeko egin behar diren zulaketak egiteko baliagarriak dira eta, Marubeni-Itochu Steel Japoniako enpresaren filial europarrarekin batera jarri dute martxan.
Enrique Arriola, Tubos Reunidos-eko Zuzendari Orokorrak, 2005etik konpainiak 400 milioi euroko inbertsioa egin duela azpimarratu du. Zentzu berean, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak, enpresak egindako esfortzua azpimarratu du, "petrolioaren prezioaren egoerak inbertsio hauek egitea zailtzen duelako".
Sailburuaren arabera, "Premium produktu hauek balio erantsi bat dira mundu mailako merkatuan. Gainera, sortzen duten enplegua, gaztea eta kualifikatua, Euskadik gaur egungo egoera gainditzeko behar duen enplegu mota da".