Ekonomia -

Lan-gatazka

Protestak gogor ditzaketela adierazi dute Bizkaibuseko langileek

Gaur bi orduko bi lanuzte dituzte, 07:30etik 09:30era, eta 18:00etatik 20:00etara. Negoziazioetan aurrerapausorik izan ezean, presioa handituko dutela ohartarazi dute sindikatuek.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hileko laugarren greba eguna dute Bizkaibuseko langileek. Goiz eta arratsaldeko txandetan, bi orduko lanuzteak egingo dituzte zerbitzuaren esleipena duten enpresek lan-baldintzak okertzeko "asmoa" dutela salatzeko.

Maiatzaren 12an bezala, bidaiari gehien dabiltzan orduetan deitu dituzte lanuzteak, goizez eta arratsaldez. Hala, greba 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara egingo dute. Lehenengo lanuztean erabatekoa izan omen da jarraipena, baina % 30eko gutxieneko zerbitzua errespetatuta.

Busturialdea Lea-Artibai SA enpresako langileek ez dute oraingoan ere lanuzterik egingo, eta, beraz, Busturialdeko zerbitzua ohikoa izango da.

Gainerako enpresetako beharginek deialdiari eutsi diote. Hala, greban egongo dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko autobus zerbitzuan, Txorierrin eta Mungialdean, Enkarterrietan, eta Arratian, Ermuan eta Nerbio-Ibaizabalen PESAk eskainitakoetan.

Astelehenekoaz gain, beste bi egunetan egingo dituzte bi orduko lanuzteak: maiatzaren 18an eta 20an. UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek eta enpresa-batzordeek deitu dute greba.

Ondoren, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 23tik 26ra (07:00etatik 10:00etara eta 17:30etik 20:30era), eta lauko ordukoak, maiatzeko azken bi egunetan eta ekaineko lehen hamarretan (07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara).

Greba

Bihar langileen ordezkariekin bilduko dira Enkarterriko eta Txorierriko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresak, eta sindikatuak zain daude Ezkerraldeko eta Durangaldeko konpainiekin harremanak abian jartzeko.

"Telefonoak irekita ditugu", adierazi dute iturri sindikaletatik, aste honetan lan gatazkari irtenbidea emateko bidean urratsen bat egitea espero dutela azpimarratu aurretik.

Lortzen ez badute, gatazka "zaildu" eta "gogortu" egingo dela ohartarazi dute.

Bestalde, Aldundiaren jarrera kritikatzen jarraitu dute, gatazkatik kanpo dagoelako, eta irtenbidea bilatzeko lan egin beharko lukeela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Bizkaia Lana berriak Bizkaibus albisteak Albisteak Bizkaibusen lineak