Ekonomia -
Polemika
Frantziako lan-erreforma polemikoaren gakoak
Gobernuaren lege-proiektuak denak ditu aurka: sindikatuak, patronala eta alderdi ezkertiarrak eta kontserbadoreak.
eitb.eus
François Hollande Frantziako presidentearen Gobernuak sustatutako lan-erreformak hautsak harrotu ditu sindikatuen eta ezkerreko alderdien artean, baina patronalean eta alderdi kontserbadoreetan ere bai. Une txarrenean heldu zaio polemika estatuburuari, gainera, urtebete barru egitekoak baitira hauteskundeak, eta haren ospea inoizko baxuena baita; 10 herritarretik zortzi haren kudeaketaren aurka daude.
Erreformaren puntu polemikoenetakoa da lehentasuna ematen diela enpresetako itunei, hitzarmen kolektiboen aurrean, hots, enpresa-itun batek ordezka dezakeela Estatu mailan ezarritako lan-hitzarmen bat.
Horregatik, Frantziako sindikatu nagusietako bik, CGTk eta FOk, lege-proiektua erretiratzea eskatu dute.
Hasieran, eskuina eta patronala erreformaren alde agertu ziren, duela hiru hilabete ildo nagusiak ezagutu zituztenean, baina asteek aurrera egin ahala aldendu dira horretatik, Gobernuak hainbat aldaketa egin baititu sindikatuen babesa lortzen saiatzeko.
Beste hainbat gako
Erreformaren beste puntu polemiko bat du, erraztu eta merkatu egingo baititu kaleratzeak. Izan ere, nahikoa izango da bizpahiru hilabetez eskari gutxiago izatea edo diruzaintza alorrean arazoak daudela argudiatzea, nahiz eta epe horretan galerarik ez izan, kaleratze objektiboak egiteko.
Gainera, kalte-ordainak hiru hilabetekoak izango dira bi urtetik beherako antzinatasuna duten langileentzat, eta 15 hilabetekoak enpresa berean 20 urte baino gehiago eman dituztenentzat (gaur egun, 27 hilabetekoa da).
Halaber, erreformak kolokan jarriko du Frantziako ikurretako bat: 35 orduko lan-astea. Teorian, erreformak ez du ukituko lan-astea, baina, praktikan, 48 ordura (edo 60ra, baimena eskatuta) luzatzea ahalbidetuko du, trukean hurrengo astean 10era jaisten bada. Horren ondorioz, lan-astea 37,5 ordukoa izan ahalko da hiru hilabetez, batez beste.
Era berean, enpresaburuek lan-kontratua aldatzeko gaitasuna izango dute, langilearekin berarekin adostuta, baina soldata ukitu gabe. Hau da, gerta liteke langileek gehiago lan egitea, baina berdin kobratuta.