Ekonomia -
Lan gatazka
Gaur ere, lanuzteak Bizkaibusen
Goizeko eta arratsaldeko txandetan egingo dute greba: 07:30etik 09:30era, eta 18:00etatik 20:00etara.
EITB.EUS
Bizkaibuseko zerbitzuaren esleipena duten enpresetako langileek greba eguna dute gaurkoa. Hilabetean egiten duten hirugarren mobilizazio eguna da honakoa, enpresek lan baldintzak okertzeko "asmoa" dutela salatzeko.
Astelehenean bezala, bidaiari gehien dabiltzan orduetan deitu dituzte lanuzteak, goiz eta arratsaldez. Hala, greba 07:30etik 09:30era, eta 18:00etatik 20:00etara egingo dute.
% 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, sindikatuek guztiz betetzen ari ez direla salatu duten arren.
Busturialdean kenduta, gainerako eremuetan greba egon egongo da. Hala, lanuzteak izango dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko autobus zerbitzuan, Txorierrin eta Mungialdean, Enkarterrietan, eta Arratian, Ermuan eta Nerbio-Ibaizabalen PESAk eskainitakoetan.
Busturialdea Lea-Artibai SA enpresako langileek zuzendaritzarekin aurreakordioa izenpetu zuten joan den astean. Horrek gainerako langileen "haserrea" ekarri du, itunean jasotakoek "negoziazioan igaro ezin ziren lerro gorri guztiak" gainditu dituztelako, haien hitzetan.
Bi orduko lanuzteak daude deituta beste hiru egunez: maiatzaren 16an, 18an eta 20an.
Horrez gain, UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek eta enpresa-batzordeek deituta, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 23tik 26ra (07:00etatik 10:00etara goizean eta 17:30etik 30:30era arratsaldean), eta laukoak maiatzeko azken bi egunetan eta ekaineko lehen 10etan (07:00etatik 11:00etara goizean eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldean).