Ekonomia -
Legea, bertan behera
Legebiltzarrak frackingerako baimenak gelditzeko eskatu dio Urkulluri
Oposizioak jarrera "kontraesankorra" edukitzen ari dela leporatu dio EAJri, eta uste du hauteskundeak gertu daudelako jokatzen ari dela horrela.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak frackingaren inguruko ikerketarako edo esplotaziorako proiektuen baimenak gelditzeko eskatu dio Iñigo Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritzari, Auzitegi Konstituzionalak teknika hori debekatzen zuen euskal legea bertan behera utzi ostean. Shesa enpresa publikoan duen presentzia erabiltzeko eskatu diote, hain zuzen ere.
Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu zuen Espainiako Gobernuak aipatu legearen kontra sartu zuen inkostituzionaltasun helegitea.
2015eko ekainean onartutako legea EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren babesarekin atera zen aurrera, eta UPyD eta EAJ abstenitu egin ziren.
Hala, oposizioko alderdiek Jaurlaritzari eskatu diote ez dezala dirurik bideratu frackingarekin lotutako lanetara, ez ikerketara, ez esploraziora, ez esplotaziora.
Oposizioko alderdien ustez, EAJk eztabaidan izan duen jarrera kontraesankorra da, eta hauteskundeak gertu daudelako jokatu du horrela. Natalia Rojo PSE-EEren legebiltzarkideak EAJri galdetu dio ea zergatik babesten duen gaur sartutako eskaera, "frackingaren ikerketaren aldeko apustua" egiten jarraitzen badute.
Dani Maeztu EH Bilduren legebiltzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren zeregina dela frackinga galaraztea, eta adierazi du teknika hori ez zuela Lopez lehendakariak ekarri, EAJk tiradera batean sartua zuela eta bertatik atera zuela baizik.
Javier Carro EAJren legebiltzarkideak erantzun du fracking teknikak "oso ondo lotua" egon behar duela juridikoki, eta horregatik, hain zuzen ere, eskatu zutela bost urteko atzerapena.
Carrok esan du Jaurlaritzak "ikertzeko betebeharra" duela, baina ez edozein preziotan. Horregatik, teknika hori ez dela egokiena iritzi dio.