Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Confebaskek uste du "bide gogorra" geratzen dela krisia gainditzeko

Jose Guillermo Zubia EAEko patronalaren idazkari nagusiaren esanetan, "bidean gaude, baina bidea luzea eta mingarria izango da", eta langabezia datuen "sustoak" aipatu ditu adibide gisa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Guillermo Zubia Confebask EAEko patronalaren idazkari nagusiak uste du "oraindik bide gogorra" geratzen dela krisia behin betiko gainditzeko. "Bidean gaude, baina bidea luzea, mantsoa eta mingarria izango da", gaineratu du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Eustatek atzo langabeziari buruz argitaratu zituen datuak izan ditu hizpide, "horrelako sustoak oraindik ere izango direla" esateko.

Langabeziak okerrera egin badu ere, Confebasken idazkari nagusiak uste du emaitzak patronalaren aurreikuspenekin egiten duela bat- Izan ere, urteko lehenengo seihilekoan langabeziak gora egingo duela espero dute, baina bigarrenean kontrako joera hartuko duela.

"Lehen baino hobeto gaude, baina sufrimendua hor dago", adierazi du Zubiak. Haren esanetan, "atzeralditik ateratzea gauza bat da" eta "beste bat krisitik ateratzea, askoz ere zailagoa".

Dena dela, euskal ekonomiaren eboluzioarekin baikor agertu da. "Lehenengo hiruhilekoan ekonomia hazi egingo dela espero dut", zeren "orain dakiguna da esportazioek gora egiten duten heinena, jarduera ekonomikoak ere gora egin duela".

Naval

Patronalaren ordezkariak Navalek airesorgailuen alorrean lortu duen kontratua ere izan du hizpide, "albiste zoragarria" izango delakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea