Ekonomia -
Ekonomia aurreikuspenak
2017an ere Espainiak ez du defizit helburua beteko, EBren arabera
2016an BPGren % 3,9koa izango da defizita, eta 2017an, % 3,1ekoa. Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak zuzendu ditu, horrenbestez, Bruselak.
Agentziak | Erredakzioa
2016an ez, eta 2017an ere ez. Espainiako Gobernuak defizit helburuaren harira bidalitako aurreikuspenak zuzendu ditu astearte honetan Europako Batzordeak. Bruselaren arabera, Espainiaren defizita Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3,9koa izango da aurten, eta % 3,1ekoa, 2017an. Espainiako Gobernua baikorragoa izan zen bere aurreikuspenetan, eta 2017rako helburua beteta (defizita % 3kotik behera egotea) izango zuela iragarri zuen: % 2,9an kokatu zuen.
Espainiak egindako hazkunde aurreikuspenak ere zuzendu ditu Bruselak, bi hamarren beherago kokatuta: 2016an BPGren % 2,6 haziko da ekonomia.
Defizitaren alorrean aldea dago Bruselaren eta Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen artean. Europako Batzordearen esanetan, 2016an % 3,9koa izango da defizita, eta % 3,1koa 2017an. Espainiaren arabera, % 3,6koa eta %2,9koa behar zuen, hurrenez hurren.
Hazkundeari buruz ere iritzi ezberdinak dituzte bi gobernuek. Europakoaren iritzian, 2016an % 2,6 haziko da ekonomia; Rajoyren gobernuaren ustean, % 2,7. 2017ko datuei erreparatuta, ordea, EBren aurreikuspenak baikorragoak dira: BPGren % 2,5ko hazkundea espero du; Espainiak, apalagoa, % 2,4koa.
Pierre Moscovici EBko finantza eta ekonomia gaietarako komisarioak eman ditu datuok. Txostena eskuan, Espainiako Estatuari zigorra ezarri behar ote dion erabaki behar du Europako Batzordeak. Izan ere, 2016an defizita % 3 azpikoa izango zela hitzeman zuen Espainiak, hura ez betetzeak ondorio ekonomikoak izan ditzake orain.
Eurogunea eta EB
Europar Batasunari eta Euroguneari dagokionez, hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu Europar Batzordeak: 2016rako, Barne Produktu Gordinaren % 1,8ko eta % 1,9ko hazkundea iragarri du. 2017rako, % 1,6koa eta % 1,8koa izango da, hurrenez hurren.