Ekonomia -
Lehen hiruhilekoko datuak
1.400 langabe gehiago daude EAEn eta langabezia-tasa % 8,9ra igo da
Gipuzkoak du langabezia-tasa baxuena, % 6,6koa. Gazteen langabezia-tasa altuena da, % 24,8koa, eta 16 eta 24 urte bitarteko 13.700 gazte aktiboei eragiten die.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 91.800 langabe ditu 2010eko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gehiago, eta langabezia-tasa bi hamarren igo da % 8,9ra arte, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) argitaratutako datuen arabera.
Batez ere, gizonei eragiten die langabeziak, 1.000 pertsona gehiago daude eta guztira 52.200. 400 emakume gehiago langabezian daude lehen hiruhilekoan, guztira 39.600.
Bizkaiak izan du gorakadarik handiena, hain zuzen, 1.800 langabe gehiago ditu eta langabezia-tasa % 9,5ekoa. Bigarren lekua Arabari dagokio, guztira 18.100 langabe ditu, aurreko hiruhilekoan baino 1.700 pertsona gehiago eta % 11,2ko langabezia-tasa du. Gipuzkoak, berriz, 2.100 langabe gutxiago zenbatu ditu eta EAEko langabezia-tasa baxuenari eusten dio (% 6,6).
Gazteen langabezia-tasa altuena da, % 24,8koa, eta 16 eta 24 urte bitarteko 13.700 gazte aktiboei eragiten die.
Azken 12 hilabetetako langabezia-tasa % 7,7tik % 8,9ra egin du gora, horrela, EAEk 11.800 langabe gehiago ditu.
"Ez gara krisitik atera"
"Arretaz hartu" behar dira egoera ekonomikoari buruzko datuak; izan ere, "atzeraldia utzi izana ez du esan nahi krisi ekonomikotik atera garenik", Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez.
Sailburuaren hitzetan, euskal ekonomia "oso ahul dago eta pizgarri ekonomiko ugari erabiltzen ditu oraindik", beraz, "ez du enplegua sortzen uzten".
Ildo horretan, enplegua sortu arte "ezin dugu esan atzeralditik erabat atera garenik".