Ekonomia -
Autoen industria
Volkswagen: 16.200 milioi trukatutako motorren auziari aurre egiteko
Horietatik 7.000 milioi mundu osoan izango dituzten auzietara bideratuko dituzte, eta beste 7.800 milioi, diesel motorren aldaketa teknikoetara eta autoen berrerosketara.
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagen auto-ekoizle alemaniarrak 16.200 milioiko diru-zuzkidura sortu du trukatutako motorren auziaren ondorioei aurre egiteko. Horietatik 7.000 milioi mundu osoan izango dituzten auzietara bideratuko dituzte, eta beste 7.800 milioi, diesel motorren aldaketa teknikoetarako eta autoen berrerosketarako.
Volkswagenek 1.600 milioi euroko diru-galera izan zuen 2015ean, eta urte horretako balantzearen barruan egin du aipatutako zuzkidura, "zenbakarriak diren ondorioetarako".
Matthias Müller Volkswagen taldeko presidenteak barkamena eskatu du Wolfburgen (Alemania iparraldean dagoen konpainiaren egoitza nagusian), 2015eko urteko balantzea aurkeztean.
"Badakigu, jakin ere, galdera ugari ekarri dituzuela Wolfsburgera, horien artean dieselari buruzkoak. Diesel motorretako softwarearen manipulazioarekin arauak hautsi ziren eta muga egitekoak gainditu ziren. Hori oso mingarria da eta barkamena eskatzen dugu, zinez", esan du Mullerrek.
Mullerrek azaldu duenez, Jones Day Ameriketako Estatu Batuetako abokatuen bulegoak laster amaituko du egiten ari den ikerketa, 2016ko laugarren hiruhilekoan, hain zuzen ere.
Volkswagenek AEBko agintariekin adostasun batera iristea lortu berri du, eta bere asmoa zen Jones Dayren ikerketako aurreneko emaitzak hile honetan argitaratzea, baina auzia epaitzen duen Auzitegiak “erabateko isilpekotasuna gordetzea eskatu die alderdi guztiei”, gogoratu du Mullerrek.
2015eko emaitzak
Emaitzei dagokienez, joan zen urteko galera operatiboa 4.069 milioikoa izan zen, 2014an izan zituen 12.697 milioiko irabazi operatiboen aurrean. Dena dela, fakturazioa % 5,4 igo zen joan zen ekitaldian, 213.292 euroko markara iristeraino.
Volkswagen etxeko marka guztiek izan zituzten irabazi operatiboak Seatek izan ezik, nahiz eta zenbaki gorriak 10 milioi euroraino murriztea lortu zuen.