Ekonomia -
ArcelorMittal
Zumarragako alkateak lantegia ixtearen aurka egin du Luxenburgon
ArcelorMittal Europako Komunikazio zuzendariarekin eta Harremanetarako gerentearekin bildu da Mikel Serrano multinazionalaren egoitzan.
Agentziak | Erredakzioa
Zumarragako lantegia ixtearen aurka dagoela jakinarazi dio Mikel Serrano alkateak ArcelorMittaleko zuzendaritzari Luxenburgon.
Eider Gardiazabal PSOEko eurodiputatuarekin batera, Serrano Mary Varkados ArcelorMittal Europako Komunikazio zuzendariarekin eta Pascal Moisy Harremanetarako gerentearekin bildu da multinazionalaren egoitzan, Luxenburgon.
Bileran, Augustine Kochuparampil ArcelorMittaleko presidenteordeari zuzendutako gutun bat eman die alkateak. “Zuzendaritzaren egitasmoari” aurre egiteko “konpromiso irmoa” agertu du Serranok gutunean.
Aukerak
Itxiera saihestearen aldeko apustua egin du alkateak, eta “Zumarragako lantegiak zabalik jarraitzeko aukerak negoziatzeko jarrerarik onena” erakutsi dio enpresari, Udalak agiri batean jakitera eman duenez.
“Lantegia ixteko erabakiak gure herriarentzat eta zuzenean edo zeharka fabrikarekin lotura duten milaka familiarentzat ondorio onartezinak ekarriko ditu”, adierazi du alkateak.
"Enpresarik gabeko etorkizunik ez dugu ikusten”
ArcelorMittalek eragin handia du herriaren jarduera ekonomiko eta fiskalean, horren esanetan, eta “ez dugu ikusten herriaren eta herritarren etorkizuna enpresarik gabe”, erantsi du.
Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariekin eta eskualde horretako alkateekin biltzeko eskatu dio Zumarragako alkateak Kochuparampili.
Ixteko arrazoiak “ez dira legezkoak”, ELAren ustez
ELAren arabera, ArcelorMittalek “mozkin handiagoa lortu nahi du beste lantegi batzuk betez”, horregatik erabaki du Zumarragako lantegia ixtea, baina “hori ez da enpresa ixteko legezko arrazoi bat ez”, gaineratu du sindikatu abertzaleak.
Luis Fernandez ELAko Industria Federakundeko idazkari nagusiaren ondokoak, Zumarragako enpresa-batzordeko kideek eta Xabier Olaizola eskualdeko arduradunak prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian, iragan astean sindikatuak zuzendaritzari eman zion agiriaren edukia azaltzeko. ELAren ahotan, talde siderurgikoak lantegia ixteko emandako argudioak “zapuztu” egiten ditu dokumentuak.