Ekonomia -
Euskal osasun sistema
2016rako Lan Eskaintza Publiko berria onartu du Osakidetzak
1.200 lanpostu eskainiko dira deialdi honetan, batez ere ospitaleko mediku espezialistei eta erizainei dagozkionak. 2017an egingo dituzte azterketak.
EiTB.eUS
2016-2017 urteetarako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) egitea onartu du Osakidetzako administrazio kontseiluak, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez.
Josu Erkoreka bozeramailearekin batera, prentsaurrekoa eskaini du Darponek, gobernu bileraren ondotik.
Sailburuaren hitzetan, 1.200 lanpostu eskainiko dituzte deialdi honetan. Azken LEPetan jaso ez diren kategorietako lanpostuak aterako dituzte, tartean ospitale-mediku espezialistak eta erizainak (langile askoko arloa izaki).
Darponek azaldu duenez, datorren egunetan argitaratuko dute deialdia Euskadiko Aldizkari Ofizialean, baina azterketak 2017an egingo dituzte. Izan ere, segurtasun juridikoa bermatu nahi izan dute.
Sailburuaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin hartutako konpromisoaren eta gizarte-elkarrizketarako duen borondatearen erakusle da" LEPa.
Espainiako Gobernuak jarritako "lege-trabak" salatu ditu Jon Darponek, eta horiek gorabehera, Osakidetzak 2.214 lanpostu, gainerako legegiltzaldietan antzera, eskaini dituela nabarmendu du.
Eskaintza Telematikoa
Horrez gain, 625 lanpostu huts betetzeko Eskaintza Telematikoa ere onartu du Osakidetzako administrazio kontseiluak, Darponek agerraldian zehaztu duenez.Zehazki, erizainaren, klinika-laguntzailearen, administrari laguntzailearen, zeladorearen eta zerbitzu-beharginaren kategoriatan.
Hala, maiatzetik aurrera, kontratazio zerrendari helduko dio Osakidetzak, behin-behineko kontratuarekin ziharduten 625 pertsonei bitartekotasuna emateko eta lanpostuak aldi berean betetzeko.