Ekonomia -
26. promozioa
Ertzaintzak 250 agenterentzako Lan Eskaintza Publikoa abiatu du
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondotik, apirilaren 26tik maiatzaren 31ra bitartean zabalik egongo da izena emateko epea.
O.A. | EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Ertzaintzarako 250 plazako beste deialdi bat argitaratu du -legegintzaldi honetan hirugarrena- gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Ertzaintzaren XXVI. promozioa osatuko duten 250 ertzainak aukeratzeko. Behin EHAAn argitaratuta, bihar zabalduko da izen emateko epea eta maiatzaren 31ra arte irekita egongo da.
Hautapen prozesua oposizio sistemaren bitartez egingo da eta aurreko aldietan bezala, osagarri gisa, prestakuntza-ikastaro bat eta praktikaldi bat egingo dira, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-plazak betetzeko, hau da, C taldeko C-2 titulazio-azpitaldeari eta Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizunari dagozkionak.
Aurreko deialdietan bezala, hauek dira Lan Deialdi Publiko honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskakizunak: nazionalitate espainiarra izatea, 18eta 35 urte bitartean izatea, gizonen kasuan 1.65 metro neurtzea gutxienez eta emakumeen kasuan 1.60 metro, eta bigarren hezkuntzako graduatu-titulua edo horren pareko edo maila handiagoko beste bat izatea, besteak beste. Euskara jakitea nahitaezkoa izango da eskainitako plazen erdietan.
Ertzaintzaren arduradunek dei berezia egin diete gipuzkoarrei -bizkaitarrak eta arabarrak baino gutxiago aurkezten direlako- eta emakumeei -% 25a baino ez direlako-.
Interesa dutenek, hautapen-prozedura honetan parte hartzeko betekizunak kontsultatu eta eskabideak eskuratzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean sartu behar dute. Gainera, 900 840 088 doako telefonoan hautapen prozesuari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango da astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara.
Segurtasun Sailak Ertzaintzan sartzeko 620 plaza eskaini ditu legegintzaldi honetan, hiru promoziotan banatuta: 24. promozioan 120, 25. promozioan 250 eta 26. promozioa izango den honetan 250.
Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren 25. promoziaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, orduan eskainitako plaza kopuruak (250 plaza) enplegu publikoen berritze-tasa ez zuela betetzen argudiatuta. Dena den, deialdiak Segurtasun Batzordeak adostutakoa betetzen duela defendatu du Eusko Jaurlaritzak.