Ekonomia -
Lan istripuak
54 langile hil ziren iaz Hego Euskal Herrian izandako lan istriputan
ELA sindikatuaren esanetan, heriotza horien arrazoi nagusiak lan merkatuaren prekarietatea eta administrazioak lan osasunean oso diru gutxi inbertitzen duela dira.
EITB.EUS
Iaz, 54 langile hil ziren Hego Euskal Herrian izandako lan istriputan -42 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 12 Nafarroako Foru Erkidegoan-, aurreko urtean baino 10 gehiago, ELA sindikatuak egindako kontaketaren arabera.
ELAko ordezkariek, Adolfo "Txiki" Muñoz buru zela, prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, 2015ean Hego Euskal Herrian izan ziren lan ezbeharren berri emateko. "Txiki" Muñozen esanetan, lan istripuei buruzko zerrenda ofizialek ez dute "errealitatea irudikatzen" eta lan ezbeharren kopurua "kezkatzekoa da".
Lan prekarietatea ei da 2015ean aurreko urteetan baino lan istripu gehiago gertatu izanaren arrazoi nagusia, ELAren arabera.
Osalanen datu ofizialei erreparatuz gero, 33 lan ezbehar jazo ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hala ere, ELAk 42ra igo du hildako kopurua -Osalanek zenbatutakoak baino bederatzi gehiago dira-.
Ildo horretan, ELAk salatu du estatistika ofizialek ez dutela arazoaren errealitatea islatzen; izan ere, lan-prekarietate egoeran dauden langile askok ez ei dituzte ezbeharrak salatzen lana galtzeko edota errepresaliak pairatzeko beldur direlako.