Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Pedrazek espetxera bidali du Mario Conde, berme eta baldintzarik gabe
Epailearen arabera, Banestoko presidente ohiak 13 milioi euro zuritu ditu 1999tik hona, baina oraindik 14 milioi euro zor ditu 'Banesto' auzian jasotako zigorragatik.
agentziak | erredakzioa
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali du bermerik eta baldintzarik gabe Mario Conde Banestoko presidente ohia, besteak beste, kapitalak zuritzea egotzita, eta Alejandra Conderen alabari etxeko atxiloaldia ezarri dio.
Epaileak baldintza gabeko espetxealdia ezarri dio Francisco Javier Fernandez de la Vega abokatuari ere, Conderi eta haren seme-alabei bezala, dirua zuritzea, talde kriminalaren kide izatea eta bestelako delitu fiskalak egitea leporatu diote.
Mario Conderen semeari eta Francisco de Asis Cuesta, Maria Cristina Alvarez Fernandez eta Roland Stanek akusatuei pasaportea kendu, astero auzitegian aurkeztea agindu eta atzerrira joatea galari die.
Epaileak ebazpenean dioenez, Banestoko presidente ohiak 13 milioi euro zuritu ditu 1999tik hona -2,2 milioi eskudiruan egindako diru-sarreren bidez eta 10,7 atzerriko banku-kontuetatik egindako transferentzien bidez-, baina oraindik 14 milioi euro zor ditu 'Banesto' auzian jasotako zigorragatik.
Pedrazek zehaztu egin du zuritzeko sarea agerian geratu dela Alejandra Conderi atzeman dioten grafiko batean, "sozietateen egituraren gehiengoa berretsiko luke". Alabak sarea koordinatzen zuen, aitarekin batera, dio epaileak, eta gaineratu du Mario Conde semea erabili dutela.
"Azpijoko horiekin epaitegien aurrean benetan duen dirutza ezkutatu du, jasotako zigorra betetzea ezinezko egiten eta, gainera, Ogasunarekin 10 milioiko zorra duela kontuan hartuta, agerikoa da aspaldiko erantzukizun fiskalari muzin egiten diola", dio epaileak.
Francisco Javier de la Vega abokatuari dagokionez, Pedrazek esan du "oinarrizko osagarria" dela, enpresa sarean.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ere baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatu du goizean Conde bankari ohiaren kontra. "Leporatzen dioten guztia ukatu du, eta diruaren jatorria justifikatu ahal izango duela esan du", adierazi du Ignacio Pelaez abokatuak, Condek epailearen aurrean "guztia azaldu" nahi izan duela argitu aurretik. Atzo uko egin zion Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari.
Pelaezek esan du espetxeratzearen kontra agertu dela, ez dagoelakoan ihes egiteko arriskurik, Banesto auziaren baitan hirugarren graduan "agerraldiak egiteko betebeharra sekula ez duelako urratu" eta baimenak izan dituenean lokalizatzeko moduan egon delako. "Gehiegizkoa iruditzen zait", gaineratu du.
Abokatuaren esanetan, ez dago frogak suntsitzeko arriskurik, Banestoren garaiko auziko ardura zibilarekin dagoelako lotuta egungo prozesua. "Ikerketak urte eta erdi darama irekita, eta berak ordenagailuetako datu eta gako guztiak eman ditu", zehaztu du abokatuak.
'Fenix' operazioaren baitan atxilotutako zazpi lagunek gaur deklaratu dute Pedraz epailearen aurrean dirua zuritzea, gaizkile taldea osatzea, zigorrak urratzea eta Ogasun Publikoaren kontrako delituak leporatuta.