Ekonomia -

Enplegu Ministerioaren datuak

1.596 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta Nafarroan, martxoan

Lurraldeka, Bizkaian bakarrik egin du gora langabeziak: 741 lagun gehiago zeuden lan barik.

Ilarak, Lanbidek Bilbon duen egoitzan.EFE
Ilarak, Lanbidek Bilbon duen egoitzan.EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailarekin alderatuta, 1.596 langabe gutxiago zenbatu zituzten martxoan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera.

Lurraldeka, langabe kopuruak Araban egin du behera gehien: 1.160 lagun gutxiago daude langabezian. Nafarroan 977 pertsonatan jaitsi da, eta Gipuzkoan, 200 lagunetan. Txanponaren beste aldean dago Bizkaiko egoera: 741 lagun geratu ziren lan barik hilabete horretan.

Guztira, 198.055 lagun daude lan gabe EAEn eta Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoa da izatez, Kanariak kenduta, martxoan langabezia tasa beherakada apalena izan duen erkidegoa.

2015eko datuekin alderatuta, 17.469 langabe gutxiago zeuden EAEn 2016ko hilabete horretan. Hau da, urte arteko beherakada % 10,19koa da (Estatuko batez bestekoa % 8,02koa da). Nafarroan, % 8,9koa izan da urte arteko beherakada (4.308 langabe gutxiago).

Estatuari dagokionez, langabeziaren beherakada handiagoa izan da martxoan:  58.216 langabe gutxiago daude (aurreko hilabetearekin alderatuta, % 1,40 gutxiago). Hortaz, lau milioi langabe daude Estatuan. Aurtengo martxoko datua azken 12 urteetako onena da, Ministerioaren hitzetan.

Langabeziaren jaitsiera "nabarmena" azpimarratu du Laparrak

Langabeziak Nafarroan martxoan izan duen beherakada "oso nabarmena" azpimarratu du Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Gizarte gaietako presidenteordeak. Ohar batean, "azken urteotan izandako jaitsiera positiboena" dela adierazi du Laparrak, Aste Santuak martxoko datuetan duen eragina aitortu duen arren.

Presidenteordearen arabera, "garrantzitsua da langabeziak behera egitea, eta are garrantzitsuago urte arteko jaitsiera krisia hasi zenetik izandako handiena izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea