Ekonomia -

Lan gatazka

ArcelorMittaleko langileek onartu egin dute zuzendaritzarekin biltzea

Bilera astelehenean izango da, Donostian, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. 24 orduko greba egiten ari dira langileak, eta Markel Olanorekin bildu dira.

Zumarragako ArcelorMittal lantegiaren beharginen protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Zumarragako ArcelorMittal lantegiaren beharginen protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Zumarragako Arcelorreko langileak zuzendaritzarekin bilduko dira

1:22

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako ArcelorMittaleko enpresa batzordeak eta konpainiaren zuzendaritzak bilera egingo dute, azkenean, datorren astelehenean, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, langileek enpresak egindako azken proposamena, bilera lantegitik kanpo egitea, onartu ostean.

Bileraren kokalekuagatik "Lekualdatze kolektiboaren eta lan baldintzen aldaketa sakonaren" kontsulta epearen astebete galdu ostean, akordio batera iritsi dira, enpresak Zumarragako lantegiko jardueraren zati bat gelditzeaz azalpenak eman ditzan.

Leo Bote Zumarragako ArcelorMittal enpresaren batzordeko presidenteak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu ondoren esan du langileek lantegian egin nahi dituztela negoziazioak, eta hurrengo batzarrak bertan egingo direla espero dutela.

Batzordearen proposamena "Zumarragako lantegiaren industria jarduerari eustea" izango da, baina ez dakite zuzendaritzak zer eskainiko duen, "jardueraren zati bat eteteko" erabakia iragarri zuenetik ez duelako langileekin hitz egin.

Gipuzkoako Aldundia

Botek eta beste 300 pertsonak elkarretaratzea egin dute gaur Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren parean, eta Markel Olano ahaldun nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapenerako diputatuak Zumarragako lantegiko ordezkariak hartu dituzte.

Aizpuru diputatua Aldundiko atera jaitsi da langileen 21 ordezkariak hartzera, ahaldun nagusiarekin bildu aurretik.

Olanok Aldundiaren eta Jaurlaritzaren laguntza eskaini die langileei "Arcelor Mittalek hartu duen erabakian atzera egiten" saiatzeko, Botek azaldu duenez.

Mobilizazioak

Gaur goizean egindako asanbladan, datorren asteleheneko bilera onartzeaz gain, mobilizazio egutegiari ere argi berdea eman diote. Hala, astelehenean bertan elkarretaratzea egingo dute Lan Harremanen Kontseiluaren atarian, eta 24 orduko lanuztea egingo dute hilaren 12an, gaur egin duten moduan.

Gainera, asteartero elkarretaratzeak egingo dituzte lantegiaren parean, eta ostiralean Iberdrolako Bazkideen Batzordearen bilera aprobetxatuko dute Sestaoko ACBko langileekin batera protesta egiteko.

Ordezkari politikoak ere izan dira gaurko protestan, tartean Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Xabier Olano EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramailea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Sestao albisteak Zumarraga Albisteak