Ekonomia -
Zumarraga
Jaurlaritzaren plana 'asmo adierazpena' da, dio Arcelorreko batzordeak
"Penagarria iruditzen zaigu aurretik egindako adierazpenekin bat ez etortzea", plantaren jarduera osoaren jarraitasuna bermatzeko "itxaropena" jasotzen baitzuten adierazpenetan, esan dute langileek.
agentziak | erredakzioa
Arcelor Zumarragako langileen Batzordearen iritzian "asmo adierazpena" da Eusko Jaurlaritzak plantarentzat aurkeztutako bideragarritasun plana eta enpresari industria plana exijitzea eskatu diote Jaurlaritza berari zein Gipuzkoako Diputazioari.
Zumarragako zein Sestaoko lantegietako ehunka langilek bat egin dute gaur, asteazkena, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. Bertan, industriarako politika "erreala" egitea eskatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari, Zumarragako plantarentzat "konponbidea" eta lanpostuak mantentzea eskatzen zuten hainbat pankarta eskuan zutela.
Halaber, ohar baten bidez Batzordeak adierazi duenez, Jaurlaritzaren agiria jaso eta aztertu ostean, plana "asmo adierazpen bat besterik ez da, Arcelor taldearen oniritzia jaso behar duena".
"Penagarria iruditzen zaigu aurretik egindako adierazpenekin bat ez etortzea", plantaren jarduera osoaren jarraitasuna bermatzeko "itxaropena" jasotzen baitzuten adierazpenetan, azaldu dute langileek.
Batzordeak adierazi du ez duela ulertzen "oinarrizkotzat" aurkezten dituzten lehenengo puntuen artean Txinako altzairua egotea, argindarraren salneurria eta altzairuaren sektorea EBn "zoritxarreko" jardueratzat jotzea.
Gainera, bere esanetan, aipatutako puntu guztiak Arcelorrek "eztabaidaren muinean egotea nahi du, Zumarragako plantaren jardueraren jarraitasuna bermatuko duen industria plan sendoa bigarren mailan utzita".
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Diputazioari aipatutako industria plana enpresak aurkeztea exijitzea eskatu diete "Zumarragan jarduera mantentzeko helburu bakarrarekin". Era berean, "borondate oneko" keinu gisa aurreko astean jakinarazi zuten geldialdi partziala bertan behera uztea eskatu dute.
.