Ekonomia -
Mondragon korporazioa
Ordainduk eta Eskuratuk MCCren kontra jarritako salaketa, onartua
47,8 milioi euro eskatzen dizkiote Fagor Etxetresnetan eta Edesan jarritako aurrezkiak galdu zituztelako.
agentziak | erredakzioa
Bergarako Auzitegiak tramitera onartu du Ordaindu eta Eskuratu elkarteek Mondragon Korporazioaren kontra jarri duten salaketa, 47,8 milioi euro eskatzen baitizkio Fagor Etxetresnetan eta Edesan jarritako aurrezkiak galdu zituztelako.
Bi elkarteek prentsa-ohar batean jakinarazi dutenez, Mondragon Korporazioak apirilaren 12a arteko epea du salaketa atzera botatzen saiatzeko.
Aurreko abenduaren 2an, Fagor Etxetresnetan eta Edesan aurrezkiak galdu zituzten mila inguru pertsona ordezkatzen dituzten elkarteek salaketa bateratua jarri zuten Bergaran, EAEn jarri den mota honetako salaketa handiena.
Ordainduko eta Eskuratuko arduradunak gustura agertu dira salaketa onartu dutelako. Elkarteek korporazioa zigortzea eskatzen dute, "Fagor Etxetresnetako eta Edesako langile ohiei zuzendutako informazioetan eskatu zielako dirua ekarpen boluntario eta merkataritza mailegu gisa bertan utz zezaten kooperatiba utzi ostean".
Salatzaileen arabera, Mondragon Korporazioa langileen "konfiantzaz aprobetxatu" zen, "aurrezkiak berreskuratzea saihesteko".