Ekonomia -
Legebiltzarra
Legebiltzarrak Gizarte Segurantzaren kudeaketa osoa eskatu du
EAEko erakundeek "legea egin, betearazi eta kudeatu" nahi dute "lehenbailehen", Gizarte Segurantza "babes sistema sozial publikoa" izan dadin.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Gizarte Segurantzaren kudeaketa osoa EAEn erabakitzea eskatu du. Hala, EAEko erakundeek "legea egin, betearazi eta kudeatu" nahi dute "lehenbailehen", Gizarte Segurantza "babes sistema sozial publikoa" izan dadin.
EAJk eta EH Bilduk elkarrekin egindako zuzenketa baten bitartez egin dute eskaera. PPk egindako mozio baten harira sartu dute zuzenketa. Bertan, PPk proposatzen zuen Jaurlaritzak negoziazioa abiatzea Estatuarekin Gizarte Segurantzaren baliabideak eskualdatzeko, Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak dionean oinarrituta.
Azkenean, baina, EAJk eta EH Bilduk adostutako zuzenketak egin du aurrera, nahiz eta beste alderdien babesik ez jaso. Bi alderdiek salatu dute ez dela bete Gizarte Segurantzaren eskumena Estatuak Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenen irakurketa "zuhurra eta zikoitza" egin duelako.
Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu dio itunak egin ditzala EAErekin, Gizarte Segurantzaren kudeaketa bere egin dezan, eta aitor diezaion "Gizarte Segurantzaren kuotak biltzeko eskubidea eta gaitasuna, laguntzen ordainketa, senda-agiriak eta bajak kudeatzeko gaitasuna, eta sistema zaintzeko gaitasuna".
Horren harira, Eusko Legebiltzarrak uste du Gizarte Segrurantza propio baterako "beharrezkoa" dela "legeak egin, betearazi eta kudeatu" ahal izatea.
Anton Damborenea PPren legebiltzarkideak esan du EAJk eta Jaurlaritzak kanpainan "Estatutua bete dadila" eskatzen dutela, baina benetan Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra "apurtu" nahi dutela.
EAJren aldetik, Josu Gorospek "demagogia" egitea egotzi dio PPri, Espainiako Gobernuak ez duelakoan "ezer" egin Gernikako Estatutuak aurreikusten dituen eskumenak eskualdatzeko. Gainera, "eskumen hori Estatuak Euskadin duen azken indargunea" dela azpimarratu du.
Eva Blanco EH Bilduren legebiltzarkideak argi adierazi du koalizioak ez dituela onartzen "Estatuak jartzen dituen mugak", eta "hasieratik bukaerara" kudeatutako "marko propioaren alde" borroka egingo duela berretsi du.
Gloria Sanchez sozialistak azaldu du PPren eta EAJren artean kokatzen dela gai honetan, PPk murrizketak egin dituelako, eta EAJk "bideragarriak ez" diren proposamenak egiten dituelako.
Azkenik, Gorka Maneiro UPyDkoak "kutxa bakarra"ren alde egin du, pentsioen sistemaren egonkortasuna bermatzeko "modu onena" delakoan.