Ekonomia -
Bilerak
TRWko zuzendaritzak eta langileek akordiorik gabe jarraitzen dute
Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak hasiera batean akordio bat ixteko epemuga astelehenean ezarri zuten, baina gaur berriro hitzordua dute azken saiakera batean.
Agentziak | Erredakzioa
TRWko zuzendaritzak eta multinazionalak Landabengo industrialdean duen lantegiko enpresa-batzordeak beste bilera bat egin zuten bart. Zoritxarrez ez zuten lan erregulazio planaren inguruko akordiorik lortu.
Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak hasiera batean akordio bat ixteko epemuga astelehenean ezarri zuten, baina gaur berriro hitzordua dute azken saiakera batean, Richard Ocaña UGTko ordezkariak jakitera eman duenez.
123 langileri eragingo liokeen lan erregulazio plana aurkezteko proposamena egin zuen berriro enpresak, lantegiko bideragarritasuna bermatzeko. Enpresa-batzordeak, aldiz, erregulazioa neurri “ez traumatikoekin” ordezkatzea eskatu zuen, erretiroak eta borondatezko kanporatzeak esaterako.
“Iritzi-desberdintasuna”
Kaleratzeak egiteko beharrik gabe, lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko, zuzendaritzak egitasmo bat gaur aurkeztea espero du batzordeak, baina “bi aldeen arteko desberdintasunak handiak” direla onartu du.
Langileak arratsaldeko txandan lanuztea egiteko deitu ditu batzordeak. Era berean, asanblada egingo dute lantegian, 19:30ean, zuzendaritzaren azken proposamena eztabaidatzeko.