Ekonomia -

TURISMOA DONOSTIAN

Donostiak bisitarien marka gainditu du 2015ean, ez bakarrik udan

Webguneko kontsultek erakusten dutenez, gastronomia erakargarrietako bat bilakatu da atzerriko turistentzat.

Donostian gaua igaro duten pertsonen marka 1.165.489koa izan da 2015ean. Argazkia: EITB
Donostian gaua igaro duten pertsonen marka 1.165.489koa izan da 2015ean. Argazkia: EITB
Opor sasoitik kanpo igo dira nabarmen turistak Donostian

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako turismoak urte historikoa izan du iaz; izan ere, hirian gaua igaro duten pertsonen kopuruak % 12 egin du gora. Nabarmentzekoa da udaz kanpo izan diren bisiten gorakada.

Ernesto Gasco Donostiako Udaleko lehen alkateorde eta Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Turismoko, Merkataritzako eta Ostalaritzako zinegotziak eta Manu Narvaez Donostiako Turismo zuzendariak esan dutenez, 2015eko turismoaren balantzea “ona” da. Atzerriko bisitarien presentzia eta udaz kanpo turismoak izan duen gorakada azpimarratu dute. Gaua Donostian igaro duten pertsonen kopuruak marka historikoa lortu du, 1.165.489 turista izan baitira; hau da, 2014an baino % 12 gehiago. Halaber, urtarrilean, martxoan eta abenduan, igoera hori % 22koa izan zen.

Udaz kanpoko turismoa sustatu behar dela ohartarazi du Gascok, Donostia asteburuetarako helmuga turistiko bezala bultzatzeko. Horrek 2015eko datuetan ere izan du bere isla, nazioarteko bisitarien kopuruak gora egin duelako. Gascoren esanetan, turismo bulegoak 2015ean % 5,09 handitu zuen bere jarduera.

Espainiako turismoaren barruan, Madrilgo Erkidegoa da turista gehienen jatorria, eta Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Andaluzia eta Valentziako Erkidegoa daude ondoren. 2015ean gaua Donostian eman duten bisitarien % 52,2 atzerritarrak dira. Gehienak frantziarrak eta estatubatuarrak dira, eta britainiarrak eta australiarrak daude zerrendan ondoren.

Bake agertokia

Gastronomia da atzerritarrentzat erakargarri nagusienetako bat. Donostia Turismoaren webguneko kontsultek erakusten dutenez, Michelin izardun jatetxeak dira turistek gehien egiten duten bilaketetako bat. Donostia Turismoaren produktu propioen salmentak joera positiboa izan zuen iaz, eta baita sare sozialek eta webguneko interakzioek ere.

Ernesto Gascoren iritziz, “bakeak eta lasaitasun politikoak” eragina izan dute Donostiako turismoaren igoeran, eta Donostiak paper “garrantzitsua” du Gipuzkoara turistak erakartzeko. Horren arabera, Donostia Turismoa laster hasiko da 2017-2021erako plan estrategikoa prestatzen, eta “kalitatea, bikaintasuna eta aniztasuna gailenduko dira bertan”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa Turismoa Euskadi Ekonomia berriak Albisteak