Ekonomia -
Espainiako Estatuko datuak
Emakumeek 88 lan egun gehiago behar dituzte gizonek adina irabazteko
LABentzat “kezkagarria” da emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldea krisi ekonomikoa hasi zenetik, % 30 ingurukoa baita Hego Euskal Herrian.
agentziak | erredakzioa
Gizonezkoek emakumezkoek baino % 24 gehiago irabazten dute Espainiako Estatuan, iazko kopuruaren antzera, eta azken sei urteotako maila altuenean dago aldea, UGTk egindako txosten baten arabera. Gainera, emakumezkoek 88 lan egun gehiago beharko lituzkete gizonek adinako soldata edukitzeko urtean.
Hego Euskal Herriari dagokionez, aldea are handiagoa da; % 25ekoa, EAEn; eta % 30ekoa, Nafarroan.
Gizonen eta Emakumeen Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako txostenak INEren datuak hartzen ditu oinarri (2013ko soldata gordinak).
"88 lan eguneko aldeaz gain, emakumeak soldatarik ez duen 91 lan egun egiten ditu", etxeko eta familiako lanei dagokiena, sindikatuak salatu duenez.
Lan orduko soldatari dagokionez, % 19,3koa da aldea Espainiako Estatuan, eta % 16,3koa Europar Batasunean. Estonian (%29,9), Austrian (%23), Txekiar Errepublikan (%22,1), Alemanian (%21,6) , Eslovakian (%19,8) eta Erresuma Batuan (%19,7) are handiagoa da aldea.
Hego Euskal Herria
Bestalde, LABentzat "kezkagarria" da emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldea krisi ekonomikoa hasi zenetik, % 30 ingurukoa baita Hego Euskal Herrian.
Hala, EAEn gizonezkoek % 29,9 gehiago irabazten omen zuten 2008an, eta % 33,6ra igo zen aldea 2013rako.
Nafarroan, berriz, % 38,6 gehiago irabazten zuten batez beste urtean, eta 2013an % 43,8 gehiago.