Ekonomia -
Volkswagen
Polo berriaren ekoizpen guztia Landabenen egingo dela berretsi dute
Hori argituta, bigarren modelo bat egiteko plana negoziatzen jarraituko dute zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagenen zuzendaritzak zalantzak uxatu zizkion atzo Landabengo (Iruñea) enpresa-batzordeari: Polo berriaren ekoizpen guztia Nafarroako lantegian egingo dute. Hori argituta, bigarren modelo bat egiteko plana negoziatzen jarraituko dute bi aldeek.
Astelehenean iragarri zuten Landabengo lantegian beste modelo bat egiteko proposamena egin zuela Alemaniako zuzendaritzak. Hiru aste eman die Nafarroako lantegiko zuzendari eta langileen ordezkariei ekoizpenaren nondik norakoak zehazteko. Atzo izan zuten lehen bilera, eta ostegunean beste bat egingo dute.
Zuzendaritzaren esanetan, Landabenen bi modelo egiteak "onura ugari" izango ditu: "ekoizpena handitu eta enplegua sortuko da, eta ekoizpenari aurre egiteko inbertsio jarraituak egingo dituzte". Horrez gain, Nafarroarentzat eta industria sektorearentzat onurak ere "begi-bistakoak" dira, zuzendaritzak enpresa-batzordeari azaldu dionez.
UGT sindikatuak (berak du enpresa-batzordeko presidentetza) ere "ilusioz" hartu du une "historiko" hau. Nolanahi ere, "zehaztapen gutxi" dituztela esan du, "teknikoak zein eduki mailakoak", baina espero dute ostegunean egingo duten bileran Alemaniak dituen asmoen berri zehatza izatea.
Barkos: "Albiste bikaina da"
Landabenen beste modelo bat egitea "albiste bikaina" dela uste du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Haren iritzian, foru erkidegoan automobilgintza sektoreak duen "osasun onaren seinale" da.