Ekonomia -
"Negoziaketa den bitartean"
Sindikatuek ez dituzte greba gehiago deituko eskoletako jantokietan
Zentralek ez dute denbora izan gaurko greba deialdia bertan behera uzteko. Dena dela, LABek eta UGTk lanera joateko deia egin diete langileei.
Erredakzioa
EAEko eskolen jantokietako langileek ez dituzte greba egun gehiago deituko "negoziaketa den bitartean", izan ere, patronalarekin "aurreakordio batera heldu dira soldaten inguruan", LABk sindikatuak iragarri duenez.
Gaurko greba eguna ezin izan dute bertan behera utzi, zentralak ez baitira garaiz iritsi. Dena dela, LABek eta UGTk lanera joateko deia egin dute, Radio Euskadik informatu duenez.
LABen arabera, soldaten proposamen berri bat aurkeztu zien patronalak sindikatuei atzo, premiazko bilera batean. Hiru urteko hitzarmen kolektiboa du oinarri proposamenak.
Soldaten igoera
2008/09 ikasturteko soldatan igoera bat bermatu du patronalak hitzarmenean, eta 2009/10 ikasturtean "irailetik atzeraginezko ondorioa izango duen % 2,97ko igoera bat" proposatu du. Era berean, astero 35 orduko lanaldia egitean kotizazioa erabatekoa izatea bermatu du, orain arte ez bezala, 40 ordukoa baitzen, "guztira, % 12,97ko igoera dago".
"Hitzarmena kolektiboa negoziatzeko lehen pauso gisa" proposamena onartu dute sindikatuek, eta ostiralean berriro bilduko dira patronalarekin.
"Oztoporik gabe negoziatzeko" greba gehiagorik ez deitzea (gaurkoa kenduta) erabaki dute sindikatuek.