Ekonomia -
FINANCIAL TIMES
Bilbo, inbertsiotarako Europako laugarren hiri erakargarriena
Atzerriko inbertsio zuzenak egiteko Europako hiri 'erakargarrien' zerrenda kalertu du 'Financial Times' komunikabideak. Bizkaiko hiriburua laugarren lekuan dago, hiri ertainen kategorian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbo da atzerriko inbertsio zuzenak egiteko Europako laugarren hiri ertain erakargarriena, Financial Times ekonomian espezializatutako hedabide britainiarraren arabera.
Bilboko Udalak jakitera eman duenez, 'Mid-Sided Cities' kategorian saritu dute Bilbo; 200.000 eta 750.000 arteko biztanle kopurua duten hiriak hartzen dira kontuan zerrenda hori osatzeko.
fDi Intelligence aldizkariak bideratzen du sariketa hau; izen handiko aldizkaria da atzerriko inbertsio zuzenen alorrean nazioarte mailan.
Aldizkari horrek gidatuta, 'Etorkizuneko hiriak eta eskualdeak' zerrenda kaleratu berri du Financial Timesek, eta hor kokatu dute Bilbo laugarren lekuan, Wroclaw (Polonia), Edinburgo (Erresuma Batua) eta Liverpool (Erresuma Batua) hirien atzetik. 2014-2015eko zerrendan zazpizgarren postuan zegoen Bizkaiko hiriburua.
Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak jasoko du saria, martxoaren 15ean Cannesen (Frantzia) egingo den ekitaldian.
Udaleko ordezkarien hitzetan, Bilbok atzerriko inbertsioa erakartzeko duen konpromisoaren ordaina da sari hau. "Bilbok hurrengo ezaugarriak ditu bere alde: munduko negozio-zentro nagusiekin konexio ona, barne-higikortasun modernoa eta iraunkorra, Zorrotzaurre eta Zorrotzako Muturra bezalako aukera-espazio berriak, erakundeek adimendun ekonomiaren alde egindako hautua, gaitasun handiko profesionalak eta inbertsiorako giro fidagarria eta segurua", nabarmendu dute udal arduradunek.
Bi urtean behin egiten den sailkapenak honako hauek hartzen ditu kontuan: hirien indar ekonomikoa, enpresa-sarearen lehia eta finantza-dinamismoa.