Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileentzako 30 lanpostu mantenduko ditu

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deialdia 30etik 17ra murrizteko agindu du, baina Foru Gobernuak bere asmoari eutsiko diola eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramailea eta Maria Jose Beaumont Presidentziako kontseilaria. EFE
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramailea eta Maria Jose Beaumont Presidentziako kontseilaria. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileentzako 30 lanpostu publiko eskainiko dituela berretsi du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deialdi hori 17ra murrizteko ebazpen judiziala argitaratu duen arren.

Hala iragarri du Maria Jose Beaumont Presidentzia, Funtzio Publikoa, Barne eta Justiziako kontseilariak, eta epaiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi du.

Aipatu murrizketa Espainiako Gobernuak 2015ean UPNk onartutako lan eskaintza publikoaren aurka ezarritako errekurtsoan oinarritzen da. Estatuak 13 lanpostu behin-behinean baliorik gabe uzteko eskatu zuen errekurtsoan.

Nafarroako Auzitegiaren ebazpena ezagutu ostean, Beaumontek agerraldia egin du eta esan du helegitea aurkeztuko dutela, besteak beste, epaiak “kontraesanak” dituelako.

Suhiltzaileen nahiz Hezkuntzako eta Osasuneko lan eskaintza deialdien kontra egiterakoan, “Estatuko abokatuak argumentu berak erabili ditu, baina kasu batean erabateko baliogabetzearen alde egin du eta bestean partzialki”.

Beaumontek esan du oposizioekin izaten ari diren arazoei konponbidea eman behar zaiela eta bitartean helegiteak aurkeztuko dituztela, “hamahiru lanpostu horiek ez baztertzeko”.

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileentzako 30 lanpostuko deialdia aurreikusita zuen, baina arratsalde honetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 17ra murrizteko ebazpen judiziala argitaratu du.

Hezkuntzako eta Osasuneko deialdiak, berriz, Foru Gobernuak aurreikusita zuen moduan egitea ahalbidetu du Nafarroako Auzitegiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Enplegu Eskaintzak 2024 Suhiltzaileak albisteak