Ekonomia -
Landaben, Iruñea
TRWren zuzendaritzak beharrezko jo ditu kaleratzeak lantegiak irauteko
Horixe adierazi du Paul Henry Parnhamek, baina esan du kaleratzeak 67ra murriz daitezkeela Volkswagenentzat ekoizten hasiz gero.
agencias | redacción
Paul Henry Parnham ZF-TRW Automotive Españaren zuzendaritzako kideak esan du ez dagoela Landabengo lantegia ixteko egitasmorik, baina kaleratzeak beharrezkoak direla bizirauteko, nahiz eta aitortu "67 bakarrik" kaleratuta nahikoa dela, Volkswagenentzat ekoizten hasiz gero.
Parnhamek agerraldia egin du gaur goizean Nafarroako Parlamentuan, eta kanpoaldean TRWko langileek protesta egin dute, 24 orduko lanuztea egiten ari baitira, mobilizazio egutegiaren baitan.
Langileek multinazionalaren planei uko egiten zioten bitartean (250 langile kaleratzea aurreikusi du), zuzendaritzako ideak esan du ez dela Nafarroan bertaratu lantegia ixteko: "Enpresak ez du lantegia hiru urteko epean ixteko asmorik, negozioa suspertzeko aldaketak egin nahi ditu".
Hala eta guztiz ere, kaleratzeen harira, "lantegiak bizirauteko erabakiak" hartu behar direla azpimarratu du, "dagoenean utziz gero, lantegia itxi" egin beharko delako, "azken hiru urteetan 43,7 milioi euroko galerak, eta datozen 5 urteetarako 63 milio eurokoak aurreikusi ostean".
"Ezer egiten ez badugu, dirutza horiek galtzen jarraituko dugu. Ez da mehatxu bat, errealitatea baizik", azaldu du Parnhamek. Kaleratze kopurua murriztearen alde agertu da; hala, "Volkswageneko negozioa lortuz gero, 200 kaleratze izan beharrean, 67 izan litezke", zehaztu du.
"Negozio hori ekartzen saiatzeko" konpromisoa hartu ostean, multinazionalak Iruñean 250 langile kaleratzen ez baditu aurrerago "600" izan daitezkeela ohartarazi du.
Izan ere, "2009tik" ez omen dute "eskaera garrantzitsurik" lortu, eta enpresaren kostua oso altua dela (37,21 euro orduko), inon baino gehiago egoten dela lantegia geldirik (50 egun), taldeko lanordu kopuru baxuena duela (1.695), eta absentismo altuena duela (% 8) salatu du.
Carlos Garcia Adanero UPNren parlamentariak zalantza agertu du enpresaren etorkizunaren inguruan, eta etorkizuna "errealista" izatea espero du, "hiru urte barru ez dadin egoera errepikatu".
Adolfo Araiz EH Bildukoak ere mesfidantza agertu du, Parnhamek "lantegiak ixten dituen pertsonaren fama" duelako.