Ekonomia -

Kaleratzeak TRW lantegian

'Polo berriaren direkzioak ekoitzita, kaleratzeak murriztuko lirateke'

Hala uste du TRWko zuzendaritzak. Gainera, 13 langileri aurre-erretiroa emateko prest agertu da, sindikatuek planteatutako baldintzetan ez bada.

TRWko langileak. Argazkia: EFE
TRWko langileak. Argazkia: EFE
TRWko langileak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

TRWko zuzendaritzaren ustez, Volkswagen Polo berriaren direkzioak Iruñeko lantegiak ekoitziko balira, lan-erregulazio txostenean aurreikusitako kaleratzeak 183ra murriztuko lirateke. Alabaina, enpresa-batzordeak esan du zuzendaritzak oraingoz ez diela aukera horren inguruko proposamen zehatzik helarazi.

Horrez gain, enpresak berretsi du “premiazkoa” dela lan-erregulazio txostena aurkeztea, eta 13 langileri aurre-erretiroa emateko prest agertu da, sindikatuek proposatutako baldintzetan ez bada ere.

Zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bilera egin dute astearte honetan. Enpresa-batzordeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, zuzendaritzak ez du sindikatuen proposamena onartu nahi. 250 behargin kaleratu beharrean, bost urtean 130 aurre-erretiro ematea proposatu dute, baina zuzendaritzak esan du “kostu gehigarriak” eragingo lituzkeela horrek.

Bestalde, enpresa-batzordeak gogora ekarri du zuzendaritzak “koste baxua” duten langileak kaleratu nahi dituela, “koste altuena” suposatzen duten beharginak (tartean zuzendaritzako kide guztiak) mantenduz.

“TRWk badu zer produzitu eta oraindik ez diote lantegi bati ere egokitu lan-karga hori, baina argi dago ez dutela Iruñeko fabrikara eramateko asmorik”, salatu dute. Iruñeko lantegia lehiakorra izateko negoziatzeko prest daudela azpimarratu dute, betiere lantegiaren etorkizuna bermatuz gero eta kaleratze traumatikorik egin ezean.

Nolanahi ere, enpresak ezarritako markoa ez da negoziazioarena, langileen iritzian. “Suntsitze espedientea, aldi baterako lan enpresak, soldaten arteko ezberdintasun handiagoa, azpikontratatzea biltegian… Kontraesanetan erori dira etorkizuna bermatzen ez duten baldintzak ezarrita”, ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Volkswagen gaur Euskal enpresak azken ordukoa Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan