Ekonomia -
Gastua murrizteko ituna
Defizita murrizteko plana onartu dute Gobernuak eta erkidegoek
Gobernuaren herstura planaren bozketan PPko erkidegoak abstenitu egin dira.
Erredakzioa
Gobernuak eta Autonomia Erkidegoek defizita murrizteko eta 2013rako Barne Produktu Gordinaren % 3a lortzeko plana onartu dute; dena den, PP agintean dagoen autonomia erkidegoak abstenitu egin dira, egonkortasuna lortzeko helburuekin ados egon arren.
Elena Salgado Gobernuko Ekonomia presidenteordeak jakitera eman du gaur Zerga eta Finantza Politikako Batzordeko bileraren ostean. Bertan, gastua murrizteko lan-taldeak sortzea adostu dute ere, PPko aurkako botoarekin.
Salgadoren hitzetan, PPko erkidegoak defizita murrizteko neurriekin bat datoz, eta beraz, "beraien abstentzioa ez da arrazoizkoa".
Faseak
Kontu publikoen sendotze fiskala lortzeko fase batzuk zehazten ditu proposamenak, administrazio publikoen defizita 2013an BPGren % 3ra murrizteko helburuarekin. Era beran, defizita % -1,1era murriztu beharko dute erkidegoek.
Lehenengo fase batean, berehalako ekintza planteatzen du akordioak, 2010eko aurrekontuetan eta erkidegoek aurkeztu beharreko oreka egitasmoetan. Bigarren fase batean, 2011-2013 bitartean, egonkortasun xedeak eta Marko Akordioaren konpromisoak erantsiko dituzte.
Gainera, helburu horiek lortzeko, hiru hilabeteko epean (ekainaren 10era bitartean) gastua arrazionalizatzeko eta eraginkor izateko planak egiteko konpromisoa hartu dute erkidegoek.
Pertsonalaren gastua murrizteko politika bat aplikatzeko konpromisoa barneratzen du akordioak, ordainsarien, lan-eskaintza publikoen murrizketaren eta Administrazioaren zerbitzura diren giza baliabideak arrazionalizatzearen bidez. "Esparru horretan hartu beharreko erabaki guztiak elkarrizketa sozialean oinarrituko dira", gaineratu du Salgadok.
Oreka egitasmoak
Epe laburrera, erkidegoek 2010erako herstura planak martxan jarri dituztela jakinarazi du Espainiako Gobernuko presidenteordeak, aurrekontuetan 5.000 milioi euro murriztu baitituzte, 2009ko aurrekontuekin alderatuta.