Ekonomia -
Gobernu bilera
35 orduko lan-astea onartu du Jaurlaritzak 2016rako
Otsailaren 11rako bilera batera deituko dituzte sindikatuak, erabakiaren nondik norakoak azaldu eta metatutako egun libreak itzultzeko modua negoziatzeko.
Eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio publikoko beharginen lan-astea 35 ordukoa izango da 2016an, Eusko Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartu duenez. Horrenbestez, EAEn dauden ia 70.000 langile publikoek 2012an kendu zieten lanaldia berreskuratuko dute.
Albistea Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak eman du, bileraren ondotik eman duen prentsaurrekoan. Eledunaren arabera, egoera ekonomikoak hobera egin du, eta 2000n sindikatuekin adostutako urteko 1.592 orduko lanaldia berreskuratzeko modua du orain gobernuak. Hain justu, datorren astean langileen ordezkariak bilera batera deituko dituela iragarri du Erkorekak, dekretuaren nondik norakoak azaldu eta metatutako egun libreak itzultzeko modua negoziatzeko.
Gaur onartutako dekretuaren arabera, langile publikoek 22 opor egun eta norberaren gaietarako beste sei baimen-egun izango dituzte aurten, lan-hitzarmen sektorialek ezarritakoa gorabehera.
Erabakiak 8,7 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du. Gastu handiena Osakidetzaren ordezkapenak eta Ertzaintzako langileen ordu-sariak ordaintzeko inbertituko da, Erkorekak azaldu duenez.
Funtzio Publikoaren Mahaiaren bilera, datorren ostegunean
Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, otsailaren 11rako Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean biltzeko deia egingo die sindikatuei. Batzarraren helburua dekretuari buruzko xehetasunen berri ematea da, eta langile publikoei beren antzinatasuna dela-eta, metatu dituzten egun libreak itzultzearen inguruan negoziatzea.