Ekonomia -
Enplegua
Langabeziak gora egin du berriro Hego Euskal Herrian
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 4.775 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean, eta, Foru Erkidegoan, 1.970ekoa izan da hazkundea. Estatuan, abenduan baino 57.000 langabe gehiago zenbatu dituzte.
agentziak |erredakzioa
EAEko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan abenduan baino 4.775 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean, % 3,18ko igoera izan baitu. Hala, guztira 154.792 dira langabeak Euskal Autonomia Erkidegoan.
2015eko urtarrileko datuekin alderatuz gero, berriz, % 10,09 egin du behera langabeen kopuruak (17.373 langabe gutxiago).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian % 2,9ko igoera izan du langabeziak (2.441 langabe gehiago); Araban, % 4,34koa (1.058 langabe gehiago); eta Gipuzkoan, % 3,09koa (1.276 langabe gehiago).
Nafarroaren kasuan, urtarrilean abenduan baino 1.970 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 4,57ko igoera izan du), eta guztira 45.113 dira lanik gabe daudenak.
Gaur argitaratutako datuen arabera, 2015eko datuekin alderatuta, langabeziak % 8,73 egin du behera (4.315 langabe gutxiago).
Espainiako Estatuan, urtarrilean aurreko hilean baino 57.247 langabe gehiago zenbatu dituzte, 2004tik izan den gorakada txikiena; guztira, 4.150.755 pertsona zenbatu dituzte hilabetearen amaieran langabezian.
Hala eta guztiz ere, 2016an aurreko urteko hilabete berean baino 374.936 langabe gutxiago zenbatu dituzte; urtebetean inoizko murrizketarik handiena izan du, beraz, datu horrek.