Ekonomia -
Manifestazioa
Babes handia TRWeko langileentzat Iruñeko manifestazioan
Milaka herritar bildu dira Nafarroako hiriburuan Landaben industrigunean dagoen ZF-TRW lantegiko beharginei elkartasuna adierazteko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka lagun manifestatu dira gaur arratsaldean Iruñeko kaleetatik zehar ZF-TRW enpresako langileei babesa eman eta enpresako zuzendaritzak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientearen aurrean protesta egiteko xedearekin. Lantegiak dituen 620 langileetatik 250 kaleratzea aurreikusten ditu espediente horrek.
Manifestazioan parte hartu dutenek "Nafarroako enpleguaren defentsan" leloa zuen pankarta eraman dute. Autobus-geltoki aurrean dagoen Oliveto Kondearen etorbidetik abiatu dira, eta hirigunea zeharkatu dute Sarasate pasealekura arte. Bertan komunikatu bat irakurri dute, eta komunikatu horretan "hitzarmena mehatxurik gabe negoziatzea" eta 250 kaleratze aurreikusten dituen EEEa kentzea eskatu diote TRWri.
Komunikatuak protesta "historikoa" izan dela esan du, alderdi politiko guztiek parte hartu baitute, baita sindikatu guztiek ere, 400 enpresa-batzordek, Nafarroako gune guztietako 100 udal baino gehiagok eta hainbat gizarte-erakundek eta kultura eta kirol arloko jende ugarik ere.
Enpresa-batzordeak gaitzetsi egin ditu "ZF-TRW multinazionalaren jarduerak" eta kritikatu egin du 250 kaleratze planteatzen dituen EEEren bidez eta "ekoizpen eta inbertsioen gabeziaren bidez" arriskuan jartzen ari direla Landabeneko lantegiaren jarraipena.