Ekonomia -
Sestao
Aldundia, Udala eta Jaurlaritza elkarlanean, Arcelor berriz irekitzeko
Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak esan duenez, "behin-behineko itxiera ahalik eta laburrena izateko" lanean ari dira.
agentziak | erredakzioa
Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Sestaoko Udala elkarlanean arituko dira Arcelor Mittalek bertan duen lantegia berriro irekitzeko.
Arcelor Mittalek Sestaon 335 langile dituen lantegia aldi baterako ixteko erabakiaren berri eman ondoren egin ditu Pradalesek adierazpen horiek.
Foru diputatuaren esanetan, “albiste txarra” da euskal industria sarearentzat, “susperraldiaren sintomak” azaltzen ari direnean heldu baita. Horregatik, euskal erakundeak enpresarekin harremanetan jarri ziren atzo, eta enpresaren ordezkariekin datorren astean bertan bilera bat egitea espero dute.
“Helburua behin-behineko itxiera ahalik eta laburrena izatea da”, adierazi du Pradalesek.
Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak adierazi du azken urteotan antzeko egoerei egin behar izan diela aurre lantegiak, eta arazoa prezioa dela, ez teknologia edo langileen kualifikazioa.
Txina da munduko altzairu ekoizle handiena, eta EB altzairu “merkez” betetzen ari dela salatu du Pradalesek. Hori dela eta, lehiakortasun horri aurre egiteko, EBk merkatua babesteko neurriak hartzea espero duela gaineratu du.