Ekonomia -

Salneurriak, alderatuta

Diesela, esnearen prezioan

Azken urteetako salneurririk baxuenetan dago erregaia. Egunero kontsumitzen ditugun produktu batzuk (azukrea, esaterako) baino merkeagoa da jada.

Diesel-tanga betetzeak 50 euro balio du, gutxi gorabehera. EiTB
Diesel-tanga betetzeak 50 euro balio du, gutxi gorabehera. EiTB

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Merke' esatea agian askotxo esatea da, baina gasolioz eta gasolinaz ari garela, baliteke adjektibo hori erabiltzea horrenbesteko astakeria ez izatea. Izan ere, 2009tiko prezio baxuenetan daude erregaiok, petrolioaren merkatzea dela eta: Diesela 0, 933 eurotan dago asteon (batez besteko prezioa) eta gasolina, 1,109 eurotan. Gutxi al da hori?, galdetuko du akaso baten batek. Bada horrelakoetan, konparaziotan hastea izaten da onena.

Litro bat esne erosteko ia beste behar dugu diesel litroa ordaintzeko: esne osoa eta erdigaingabetua 94 zentimotan dago salgai, eta gaingabetua zentimo bat garestiago (95), Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak 2016ko urtarrilaren 11ko asteari dagozkion prezioen arabera.

Kontsumitzaile askoren erosketa saskian topatu ahal ditugun gaseosa eta kola freskagarriaren prezioak ere antzekoak dira. Lehenaren litroak 0,89 euro balio du batez beste; bigarrenaren bi litroko botilak, aldiz, 1,42 euro. Hau da, 71 zentimotan dago litroa. Kilo bat gatz edo azukre eskuratzeko ere antzekoa pagatu beharko dugu: 81 eta 98 zentimo, hurrenez hurren.

Gasolinari dagokionez, oraindik ez da euroaren mugatik behera jaitsi, baina garai batean zuen preziotik dezente baxuago dago eta ozpina (1,59 euro litroa), ardo beltza (1,44 euro) edo botilan jarritako laranja zukua (1,50) baino merkeagoa da gaur egun. Ez pentsa, ez da beti horrela izan, 2012, 2013 eta 2014an aipatu produktuak baino garestiagoa zen erregai hau, 1,60 euroan ere saldu zuten eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia 2024 Albisteak