Ekonomia -
Lan-Erregulazioko Espedientea
TRWk baieztatu du 250 langile kaleratu nahi dituela Iruñean
Zuzendaritzak informazio horixe helarazi dio langile batzordeari, Nafarroako hiriburuan egin duen bileran.
agentziak | erredakzioa
TRW Automotive Espainiak, ZF TRWren filialak, Iruñeko 250 langile kaleratzeko lan-erregulazio espedientea aurkeztuko duela baieztatu du.
Zuzendaritzak langile batzordeari eman dio horren berri, Nafarroako hiriburuan egin duen bileran, eta Landabengo lantegian kaleratze kolektiboa egiteko asmoa duela baieztatu dio.
Zuzendaritzak azaldu duenez, erabaki horrekin enpresaren "lehiakortasuna, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetu" nahi du, "etorkizuna bermatzeko".
Josi Alvarez enpresa batzordearen presidenteak esan du "denontzako etorkizuna ahalbidetuko lukeen aukeren bila" jarraitzen duela, eta txostena atzera botatzeko eskatu dio enpresaren zuzendaritzari.
Alvarezek esan du ez zutela espero horrelako kaleratze kolektiborik egiterik, "oso gogorra delako lantegiaren etorkizunerako".
Langileek bilera egin dute egoera aztertzeko, eta enpresa batzordeak premiazko bilera egingo du "beharrezko neurriak hartzeko", azaldu du langileen ordezkariak.
Enpresak langileen proposamenak "entzuteko" prestasuna agertu omen die, eta ostegunean berriro bilduko dira. Dena dela, konpainiak ez die jakitera eman kaleratzeak zein baldintzatan egingo dituen.
Gainera, "lan-baldintzen murrizketa zabala" egin nahi omen du enpresak, baina kaleratzeen txostena da orain kezka-iturri nagusia. "Bilera guztietan eskatuko diogu enpresari kaleratzeen txostena bertan behera uzteko", azaldu du.