Ekonomia -
Lehiaren euskal agintaritza
1,5 milioitik gorako isuna Bilboko Portuko garraiolariei, boikotagatik
Elkarte batek eta bi kooperatibak 1.596.652 euro ordaindu beharko dituzte Maersk Lines -sektoreko nazioarteko enpresa handienetakoa- ontzi enpresari egindako boikotagatik.
Agentziak | erredakzioa
Lehiaren euskal Agintaritzak (AVC) 1.596.652 euroko isuna ezarri dio garraiolariak batzen dituen elkarte bati eta bi kooperatibari Maersk Lines ontzi-enpresari (munduko handienetakoa) egindako boikotagatik.
Hala, AVCk 840.000 euroko isunarekin zigortuko du Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteari, boikota sustatzeagatik, Cecotrans-BIZ Bizkaiko Garraioen Kontrataziorako Zentroari, 508.344 eurorekin, eta Santurtziko Portuko Garraioak -TPS- kooperatibari, 248.308 eurorekin, adostutako boikota egiteagatik.
ATAPen arabera (portuan lan egiten duten garraiolari autonomien % 85 batzen ditu) "bidegabekeria" izan da epaia eta iragarri du helegitea aurkeztuko duela epaitegietan.
Lehiaren Euskal Agintaritzak ohar baten bidez adierazi duenez, 2014ko ekainaren 24an, ATAPek iragarri zuen elkarteko kideek aho baten hartutako erabaki baten ondorioz, ez zutela Maersken ontzientzat lanik egingo, enpresa horrek baldintzetan egindako aldaketengatik. ATAPek esan zuen "grebarako aurreabisua" izan zela.
Uztailaren 8an, ATAPek baliogabe utzi zuen komunikazio hori, AVCk ohartarazi ostean, baina Cecotransek eta TPSk boikota egin zioten Maersken bi ontziri, uztailaren 18an, 25ean eta 26an, AVCren arabera.
Hain zuzen ere, 18an, kamioiek ez zuten kamioi bakar bat ere bidali, hiru kontratatu bazituzten ere, eta, 25ean eta 26an, bakarra eraman zuten.
ATAPen esanetan, “bazkideen ezezkoa erabaki pertsonala izan zen, jabe gisa, eta elkartearen jardueratik kanpo”.
Zerbitzu hau ematen duen hirugarren konpainiak salaketa aurkeztu zuen Guardia Zibilean uztailaren 17an, bi kamioik kalteak izan zituelako.
Isunak kalkulatzeko, Lehiaren Euskal Agintaritzak konpainiek fakturatutakoaren % 2 ezarri du, 2014ko zenbakiak kontuan hartuta.
ATAPek adierazi du “neurrigabea” dela isuna, antzeko kasuetan ezarritakoak baino hiru aldiz handiagoak direlako, eta hori ordainduta elkartearen biziraupena “kolokan” egongo litzatekeela ohartarazi du.
“Hiru urtean, elkarteak normaltasuna eta bakea zabaldu du garraiolarien jardunean, portua leku zaila bada ere”, adierazi du ATAPek.