Ekonomia -
Sestao
Navaleko langileek lan karga handiagoa eskatu dute
Ehunka langilek manifestazioa egin dute ontziolaren alde. Enpresako zuzendaritzak eta batzordeak bihar egingo dute 181 langileri eragingo dien Lan Erregulazio Espedientea adosteko azken bilera.
Erredakzioa
Navaleko ehunka langilek manifestazioa egin dute gaur goizean, Sestaon zehar, berehala lan karga handitzea eskatuz, ontziola bizkaitarraren biziraupena babeste aldera. Printzipioz, enpresako zuzendaritzak eta batzordeak bihar egingo dute 181 langileri eragingo dien Lan Erregulazio Espedientea adosteko azken bilera.
Manifestazioa ontziolaren atarian hasi da eta Sestaoko udaletxearen parean amaitu, eta bertan Jose Luis Marcos Merino alkate sozialistak egin du bat protestarekin eta "Naval irtenbidea. Lan karga berehala" zioen pankartari heldu dio.
Miguel Macias Navalen enpresa batzordearen presidenteak adierazi duenez, manifestazioarekin ontziolaren etorkizuna babesteko mobilizazioei ekin diete, eta hori lan karga handituz lortuko dutela aldarrikatu du, zeren "egoera oso kritiko bihurtzen ari da". Maciasen arabera, maiatzean ontzi bat entregatuko dute eta orduan proiektu bakar bat geratuko zaie, 2011ko martxoan amaituko dutena.
Maciasek esan du "laguntza behar" dutela, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari eta udalei erreferentzia eginez.
420 langilek osatzen duten plantilako 181 langileri eragingo dien Lan Erregulazio Espedienteari dagokionez, Maciasek esan du gaur bertan beste bilera bat egin dutela eta bihar, printzipioz, negoziaketetarako epea amaituko da.