Ekonomia -
'Tax-lease'
Ontzigintza sektoreak ez ditu laguntzak itzuli beharko
Europako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Batzordeak 'tax lease'ri buruz hartutako erabakia. Ontziolek jasotako diru-laguntzak legez kanpokoak izan ez zirela uste dute epaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko ontzigintza sektoreak urte luzez jasotako diru-laguntzak ('tax lease' moduan ezagutzen den sistema bitartez) legez kanpokoak izan ez zirela ebatzi du gaur Europako Justizia Auzitegiak, eta, hala, inbertitzaileek ez dituzte laguntzok itzuli beharko.
Europar Batzordeak 'tax lease'a "Estatuak legez kanpo emandako laguntza sistema' zela ondorioztatu eta ontzigintza sektorea kinka larrian jarri zuen, inbertitzaileei 126 milioi euro itzultzeko eskatu baitzien. Gaurkoan, baina, erabaki hori baliogabetu du Europako Justiziak.
Ostegun honetan emandako epaian, 'tax lease' sistema legez kanpo jotzeko erabakia "nahikoa arrazoitua" egon ez zela nabarmendu du Auzitegiak.
2013an abiatu zen auzia, Joaquin Almunia orduko hartan Lehiakortasunerako komisarioa zenak Espainiari 2007tik 2011ra 'tax lease' sistemaren bidez ordaindu ez zituzten zergak itzultzeko eskatu zienean. Europar Batzordearen arabera, Interes Ekonomikoko Elkarte eta inbertitzaileek euren lehiakideekiko "abantailak izan zituzten".
Laguntzok itzultzea inbertitzaileei (Interes Ekonomikoko Elkartean bildutako enpresa, bankuak, diru-funtsak...) zegokiela erabaki zuen Batzordeak. Elkarteak Espainiako Gobernuari eman beharko lioke dirutza, eta honek Aurrekontuetara bideratu behar zituen.
Espainiako gobernuak eta hainbat konpainiek helegitea jarri zuten Europar Batzordearen erabakiaren kontra, eta horri emandako erantzuna da, hain justu, gaur ezagutu dena. Zehatz esateko, aurkeztu diren 60 errekurtsoetatik biri emandakoa. Oraindik, baina beste asko aztertzeke ditu Europako Justiziak.
Epai honen kontra kasazio helegitea aurkez daiteke, eta hain justu, hori aztertzen dabil Europar Batzordea. "Batzordeak epaia aztertuko du, baita izan ditzakeen ondorioak ere", esan du Lucia Caudet Batzordeko bozeramaileak.
Egindako irakurketa 'ez da zuzena'
'Tax lease' sistema 2002tik 2011ra egon zen indarrean Espainiako Estatuan. Egitura juridiko eta finantzario berezi bat baliatuta, kostu ekonomiko handiko produktuak (kasu honetan, ontziak) egiteko eta erosteko erabili zen sistemari deritzo.Helburua enpresa erosleek ahalik eta zerga txikiena ordaintzea, eta, hala, erosleari produktua bera merkatzea. Hiru adar zituen sistemak: armadore bat; ontzia eraikitzen ari dela, armadoreari erosiko dion finantza erakunde bat eta Interes Ekonomikorako Elkartea. Horrek armadoreari ontzia alokatuko dio erosteko aukerarekin, elkarrekin adostutako denbora tarte batez.
Batzordeak 2013an ondorioztatu zuenez, onura fiskalok Estatuaren laguntzatzat jo zitezkeen, eta beraz, legez kanpokoak ziren. Europako Justizia Auzitegiaren arabera, ordea, irakurketa hori "ez da zuzena" eta Interes Ekonomikorako Elkarte horiek ez zuten Estatuaren laguntzarik jaso: "Inbertitzaileek bakarrik izan zituzten onura fiskalak", arrazoitu du.
Inbertitzaile eta finantza erakunde horiek "lehiakideekiko abantailak" izan zituztela esatea ere "akatsa" da, Auzitegiaren ustez. Argudiatu duenez, "enpresa orok, inolako salbuespenik gabe, egin zezakeen operazioa, baldintza berdinetan, gainera".
'Albiste bikaina', Jaurlaritzaren ustez
Epaia ezagututa, apurka-apurka heldu dira balorazioak. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburuak ohar batean adierazi duenez, Europako Justiziaren erabakia "albiste bikaina da". Tapiaren iritzian, "mehatxu eta zailtasunen aurrean eta Batzordeak egindako kaltea handia izan den arren, euskal ontziolek maila erakutsi dute".
Espainiako ontziola ertain eta txikien elkarteak ere pozik hartu du erabakia. Iragarri duenez, "Espainiako ontzigintza sektore pribatuari egindako kaltea osatzeko eginahalak" egingo dituzte.
Auzitara
Euskal Herriko Itsas Foroa "pozik" agertu da Europako Justizia Auzitegiak gaur kaleratutako ebazpenarekin. Dena dela, euskal ontziolak auzitara jotzea aztertzen ari direla aurreratu du Foroak, azken urteotan jasandako "kalteak zuzentzeko".
Froak gogora ekarri duenez, ontziolek jasotako diru-laguntzen inguruko ikerketa krisi ekonomikoa gogorren astintzen ari zen garaian etorri zen, eta horrek eragin zuzena izan zuen sektorean, "eskaria nabarmen jaitsiz". Modu horretan, sektoreak "geldialdi bortitza" izan zuen eta ondorioak "suntsitzaileak" izan ziren ontziolen industriarentzat. Horregatik, eragindako kalteak zuzentze aldera, auzitara jotzea aztertzen ari dira.