Ekonomia -
EAE-ko datuak
Autonomoen batez besteko pentsioa soldatapekoena baino %45 baxuagoa da
Hala ere, Euskadiko autonomoen batez besteko pentsioa Espainiako batez bestekoa baino 130 euro handiagoa da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langile autonomoen batez besteko pentsioa soldatapekoena baino 671 euro (% 44,9) txikiagoa da, gutxiago kotizatzen dutelako jasotzen dute gutxiago. Horren aurrean, kotizazio oinarria igotzeko deia egin die AVA-ATA Euskadiko Autonomoen Elkarteak langile autonomoei.
Autonomoen kolektiboaren egoerari buruzko ikerketa bat aurkeztu dute gaur Guillermo Guerrero Autonomoen Federazioko estatistika alorreko koordinatzaileak eta Emi Sanchez AVA-ATA Euskadiko langile autonomoen erakundeko gerenteak.
Euskadin, autonomo baten batez besteko pentsioa soldatapeko batena baino % 44,9 txikiagoa da, hain zuzen ere, autonomo batek 822 jasotzen ditu eta soldatapeko batek, ostera, 1.493 euro.
Hala ere, Euskadiko autonomoen batez besteko pentsioa Espainiako batez bestekoa baino 130 euro handiagoa da.
Espainian, ostera, bi kolektiboen arteko aldea txikiagoa da (479,51 euro); izan ere, autonomoek batez beste 691,49 euroko pentsioa dute eta soldatapekoek, berriz, 1.171 eurokoa.
Kotizazio maila modu progresiboan igotzea eta autonomoen sistema soldatapekoen antzerakoa izatea proposatu du Guerrerok, bi kolektiboen arteko ezberdintasunak saihesteko asmoz. Ildo horretan, Guerrerok eta Sanchezek azaldu dute langile autonomoek hilean 60 euro gehiago kotizatuz gero (300 eurora arte) jarduera etendakoan eta lan istripua izandakoan lansaria jasotzeko eskubidea izango luketela.