Ekonomia -
Energiaren prezioa
Argindarraren faktura % 83 garestitu da 2003tik
Zergen eta bidesarien pisu erlatiboaren handitzea dago, batez ere, prezio igoera horren atzean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argindarraren faktura % 83,2 garestitu da 2003tik batez besteko kontsumitzailearentzat, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak harean blogean gaur argitaratutako informazioaren arabera. Zehatz-mehatz esanda, kilowatt-orduaren prezioa ia bikoiztu egin da 2003tik hona: 0,131 eurotik 0,24 eurora.
Aipaturiko prezio igoera hori 3,98ko kilowatteko potentzia kontratatuta duen, hilero 210 kilowatt-orduko kontsumoa duen eta elektrizitatea sistema arautuaren bidez erosten duen batez besteko kontsumitzaileari dagokio.
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen arabera, azken lau urte hauetan (2011tik 2015eko irailera bitartean) argindarraren prezioa % 10,23 garestitu da. 2011n 0,219 euro balio zuen kilowatt-orduak eta orain, ostera, 0,241 euro.
Bestalde, urtea hasiz geroztik argindarraren prezioa % 4,84 igo da.
Argiari dagozkion zergen eta bidesarien pisu erlatiboa nabarmen igo da azken urte hauetan: bidesariak % 40,35etik % 43,17ra pasatu dira eta zergak, berriz, % 19,38tik % 21,37ra. Aitzitik, energia kontzeptuaren pisua jaitsi egin da: 2011ko % 40,27tik gaur egungo % 35,46ra.