Ekonomia -

Lehen urteurrena

Fagor CNA taldeak 160 milioi fakturatzea aurreikusten du 2016an

Bergarako jarduera urte hasieran eramango dute Arrasatera, eta Basaurikoa lekualdatzeko data oraindik zehazteke dago.

Fagor CNA, urtebete ibilbide berrian

2:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor CNA taldeak Arrasaten duen lantegiak 100 milioi euroko fakturazioarekin itxiko du aurtengo ekitaldia, eta datorren urtean 160 milioira heltzea aurreikusten du. Horrez gain, egungo langile-kopurua 80 pertsona gehiagorekin areagotzeko asmoa ere badute. Egun 450 dira langileak, Arrasaten, Bergaran eta Basaurin (Edesa) dauden lantegien artean.

Fagor CNA taldeko zuzendari nagusi Francisco Martinek aurreratu ditu zenbaki horiek gaur goizean etxetresna elektrikoak egiten dituen Arrasateko Garagartzako industrialdean izan den ekitaldian. Ekitaldi hori Fagor etxetresnak desegin eta enpresa berria martxan jarri ondoren lehendabiziko urteurrena bete dela ospatzeko egin da.

Aurretik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak lantegia bisitatu dute, Fagor CNA taldeko industria-zuzendariarekin batera (Josu Isasi).

Martinek langileei eta erakundeei eskerrak eman dizkie proiektu industrial horretan "konfiantza" izategatik, eta martxan izandako lehen urtean lortutakoaz oso pozik daudela adierazi du, "nahiz eta egiteko asko geratzen den".

Gainera, aurreratu duenez, Fagor CNA taldeak 100 milioi euroren bueltako fakturazioarekin itxiko du 2015. urtea, eta 2016. urterako 160 milioiko fakturazioa izatea aurreikusten dute. Langileei dagokionez, egun 450 langilek osatzen dute Arrasateko, Bergarako (Geyser) eta Basauriko (Edesa) lantegiak, eta datorren urtera begira 80 lagun gehiago kontratatzea espero dute.

Bestalde, adierazi du Basauriko produkzioa Arrasatera pasatzea aurreikusita dagoela, baina oraindik ez daukala data zehatzik; aldiz, Geyserrekoa Garagartzara eramango dute "datorren urteko lehen hiruhilekoan".

Urteurren jardunaldi honetan, langileen familiartekoek eta Arrasateko bizilagunek lantegia ezagutzeko parada izan dute. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte.

Eskuratu eta Ordaindu elkarteak

Fagor Etxetresnak eta Edesa enpresen porrotaren ondorioz eragindakoak biltzen dituzten Eskuratu eta Ordaindu elkarteek elkarretaratzea egin dute sortutako arazoak konpondu gabe jarraitzen dutela salatzeko.

Elkarte biek adierazi dutenez, Fagor Etxetresnaken hartzekodunen lehiaketa egin ostean bi urte pasa eta gero, "gaurko egunean ez dago ezer ospatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor Basauriko albisteak Arrasate argazkiak Ekonomia 2024 Bergara albisteak Eguneko albisteak