Ekonomia -
Salaketa
11 orduko lanegunak ezartzea egotzi dio ELAk Confebaskeko buruari
Sindikatu abertzaleak salatu duenez, prekarietatea "lan publikoak kontratatzen dituzten leku guztietara hedatzen da".
AGENTIAK | ERREDAKZIOA
Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak 11 orduko lanegunak ezartzea eta ordua 5 eurotan ordaintzea leporatu dio Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteari.
Zentral abertzalearen esanetan, Larrañagaren enpresa eraikitzaileak (Zikotz) "azpikontrata sare bat" eratu du, eta horren bidez prekarietatea sustatu du.
Nolanahi ere, egoera hori ez dela Zikotzen baino ez gertatzen gaineratu du Muñozek: "lan publikoak kontratatzen dituzten leku guztietara hedatzen da prekarietatea, eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egiten [hori galarazteko]".
ELAk prekarietatearen aurkako kanpaina bat abiatuko du, eta, horretan, zortzi enpresabururen aurpegiak erakutsiko dituzte. "Zuen mozkinak, gure miseria" izango da leloa.
Hain zuzen ere, hauek izango dira zortzi enpresaburuak: Florentino Perez (ACS), Ignacio Galan (Iberdrola), Gregorio Villalabeitia (Kutxabank), Josu Jon Imaz (Repsol), Alberto Garcia Erauzkin (Euskaltel), Pello Gibelalde (Adegi), Jose Antonio Sarria (CEN) eta Yolanda Barcina (Telefonica).
"Langileen eskubideen kontura ahalik eta mozkin handiena lortu nahi duten enpresen adibideak dira", azaldu du sindikatu abertzaleak.
Muñozek gogorarazi duenez, 2003an enpresaburuek euren langileek baino 87 aldiz gehiago kobratzen zuten. 2014an, 157 aldiz gehiago irabazi zuten. "Bonusak igotzen diren bitartean, 500, 600 edo 700 euroko soldatak inposatu dituzte", salatu du.
Prekarietatearen aurkako kanpaina mugagabea izango da, eta enpresaz enpresa gauzatuko dute.
Larrañagak berak ukatu egin ditu akusazioak, eta bere enpresan lan hitzarmena betetzen dela esan du.