Ekonomia -
funtzio publikoaren mahaia
35 orduko lan-astea berreskuratzea proposatu du Jaurlaritzak
2016an soldata % 1 igo, 2012an kendutako aparteko soldataren beste % 25 itzuli eta 2016ko urtarrileko eta ekaineko 'estrak' aurreratuko dituela iragarri du, gainera, Urkulluren gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
2016an urteko 1.592 orduko lanaldia, alegia 2000. urtean bi aldeek adostutakoa, berreskuratzea proposatu die Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoko ordezkari sindikalei. Proposamena EAEko Funtzio Publikoaren Negoziazio Mahaian egin du Iñigo Urkulluren gobernuak.
Proposamen horrez gain, hainbat iragarpen egin ditu Jaurlaritzak: langile publikoen soldatan % 1eko igoera egitea jasoko du 2016ko aurrekontu proiektuan. Horrez gain, 2012an langile hauei kendu zieten aparteko soldataren beste % 25 itzultzea aurreikusi du, baita 2016ko aparteko soldatak aurreratzea ere.
Lakuan bilera egin dute ostiral honetan bi aldeak: Jaurlaritzaren ordezkariak batetik, eta sindikatuak bestetik.
Murrizketak mantentzen direla salatu dute sindikatuek
Jaurlaritzak egindako proposamenak nahikoak ez direla kritikatu dute sindikatuek, 2010a artea Administrazio Publikoko funtzionarioek zituzten lan-baldintzak berreskuratzea suposatzen ez dutelako.
ELAko Igor Izagirreren hitzetan, “Jaurlaritzak ez du ezer negoziatzeko asmorik, murrizketak inposatu nahi dituzte soilik; eta aparteko ordainsariari dagokionez, Madrilen atzetik geratu dira gainera”.
Izagirrek uste du neurri hauekin enplegu publikoa suntsitzen jarraituko dutela.
Horrenbestez, negoziazio kolektiboan erabakitako errespetatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. 2010eko Mahaian adostutakoa “oso-osorik” betetzea eta orduz geroztik funtzionarioek galdu dituzten eskubide guztiak berriro indarrean jartzea galdegin du.
Arantza Agote UGTko bozeramaileak esan du gaurko bilerak Jaurlaritzak “espedientea” betetzeko soilik balio izan duela, “mahai gainean jarri dizkigun proposamenak Estatuan egindako azken dekretukoak baino murritzagoak direlako”.
“Langile publikoek azken urteotan izan dituzten murrizketak berreskuratzea ez du ahalbidetzen eta gainerako guztian definizio-eza nagusitzen da. Gainerako administrazioekin alderatuta, gurea pobreena omen da”, deitoratu du.
Euskadiko CCOOk ere Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du. Gaurko bileran aurkeztutako puntuak nahikoak ez direla azpimarratu du, “2010ean adostutako lan-baldintzetatik oso urrun geratzen direlako gaur egindako proposamenak”, azaldu du.