Ekonomia -

Volkswagenen polemika

Volkswagenen iruzurrak Europari ere eragiten dio, Berlinen arabera

Volkswagenek bihar argitaratuko du kutsadura faltsutzeagatik eragindako ibilgailuen zerrenda.

Volkswagen
Volkswagen
Volkswagenek trukatutako 500.000 auto Europan saldu dira

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernuak gaur ohartarazi duenez, kutsadura isuriak faltsutzeagatik eraginda dauden Volkswagen markako 11 milioi ibilgailuen artean badaude Europatik zehar dabiltzanak ere. Bitartean, auto horien kopurua eta modeloak zehazten saiatzen ari da.

Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroaren arabera, horiek dira ministerioaren barruan eratu den ikerketa-batzordeak atera ahal izan dituen lehendabiziko ondorioak. Batzorde hori atzotik ari da Volkswagenekin batera elkarlanean, egoeraren nondik norakoak zenbaterainokoak diren argitze aldera.

"Zehatz-mehatz jakin behar dugu zein modelotan erabili zen software hori eta nondik dabiltzan, dagozkion neurriak hartu ahal izateko", adierazi du ministroak kopururik eman gabe.

Dobrindtek ezagutzera eman duen informazioaren arabera, 1,6 eta 2,0 litroko diesel motorrak daude eraginda, eta datozen egunotan zerrenda bat zehaztuko dela espero da.

Bihar argitaratuko da zerrenda

Volkswagenek bihar plazaratuko du diesel motorretan gas kutsagarrien isurketen maila faltsutzeagatik eraginda dauden ibilgailu guztien zerrenda.

Aipatutako zerrendan konpainia alemaniarrak (Seat, Audi eta Porsche marketako autoen jabea ere badenak) zehaztu egingo du zein diren iruzurrean nahasita dauden ibilgailuak eta non saldu diren.

Volkswagenek orain arte jakitera eman du 11 milioi direla EA 189 motako motorra izateagatik eragindako ibilgailuak. Honako hauek dira motor hori duten zenbait auto: Volkswagenen Golf, Jetta, Passat eta Beetle autoak eta Audiren A3 autoa. Aitzitik, luxuzko ibilgailuak ekoizten dituen Audi etxeko bozeramaile batek adierazi du marka horretako A1, A4 eta A6 modeloek ere motor hori jarrita dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Europa Alemania bideoak Iruzurrak berriak Gizartea bideoak Ekonomia berriak Albisteak Euskadiko kutsadura gaur Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan