Ekonomia -
Kontratua
Mexikon ziklo konbinatuko zentral bat eraikiko du Iberdrolak
400 milioi dolarreko inbertsioa egingo du Nuevo Leon estatuan zentrala egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Iberdrola euskal argindar enpresak ziklo konbinatuko zentral bat eraikiko du Nuevo Leon estatuan, Mexiko iparraldean, 400 milioi dolarreko inbertsioa eginda.
Konpainiak ohar baten bidez azaldu duenez, zentralak 850 megawatteko potentzia izango du. Iberdrolak zentrala eraiki, kudeatu eta mantentzeko ardura izango du. Horrez gain, Mexikoko Gobernuak emandako adjudikazioari esker, zentralaren jabe ere izango da argindar enpresa.
Ipar-ekialdeko ziklo konbinatuko zentrala Escobedo herrian egingo dute, eta bi milioi mexikarri emango die argindarra.
Ignacio Sanchez Galan buru duen konpainia 2016an hasiko da zentrala eraikitzen, eta 2018ko uztailerako egongo da martxan, aurrikuspenen arabera.
Gaur egun, argindarra sortzeko hainbat proiektu ditu Iberdrolak Mexikon, 1.000 milioi dolarreko inbertsioa behar izan dutenak. Horrez gain, datozen bost urteetan 5.000 milioi dolar inbertituko ditu. Egun, ziklo konbinatuko bi zentral, kogenerazioko hiru eta beste hainbeste parke eoliko eraikitzen ari da Iberdrola herrialde horretan.