Ekonomia -

Gazteriari buruzko txostena

Krisia hasi zenetik, 10.000 gazte joan dira EAEtik, lan bila

Emigrazio erritmo honi eutsiz gero, 2025erako 4.410 milioi euroko galera suposatuko du exodo honek.

Ia 10.000 gazte joan dira EAEtik, 2009tik, Gazteriaren Kontseiluaren arabera. Argazkia: EiTB
Azken 5 urteetan, 10.000 gazte atzerrira joan dira lan bila

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

9.699. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lana topatu ez, eta krisia hasi zenetik, atzerrira jo gazteen kopurua da hori. 2009tik ia etengabea izan da urtero EAE utzi eta atzerrira joandakoen jarioa. Are, emigrazio erritmo horri eutsiz gero, 2025erako 4.410 milioi euroko galera suposatuko duela nabarmendu du Espainiako Gazteriaren Kontseiluak.

Espainiako eta Euskadiko Gazteriaren kontseiluek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen "Gazteria beharrezkoa" txostenaren ondorioak aurkezteko.  Krisiak eta langabeziak euskal gazterian izandako eragina jasotzen du txostenak.

Miriam Morales Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren bozeramaileak adierazi duenez, hezkuntzan gehien inbertitzen duen erkidegoetako bat da EAE, baina datuok kontuan hartuta, dirutza "xahutzen" ari direla ondorioztatu daiteke.

"Xahututako dirua"

Erakunde honek emandako datuen arabera, emigrazio erritmo honi eutsiz gero, 10 urteko buruan 4.410 milioi euroko galera suposatuko du exodo honek. Izan ere, hezkuntzan inbertitutakoak ez du islarik ekoizpenean (ez da nahikoa lanpostu sortzen).

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arabera, EAEn gazteen langabezia tasa % 45ekoa da eta 10 gaztetik 2 bakarrik bizi dira gurasoen etxetik kanpo.

Prekarietatea

Itsaso Andueza Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bozeramaileak azaldu duenez, 2009tik atzerrira joandako ia 10.000 gazteen datua gutxi gorabeherakoa da. Izan ere, ezin dute jakin benetako datua zein den, kopurua kalkulatzeko erroldari erreparatzen diotelako. "Kanpora joan diren gazte askok ez dute erroldan baja eman, eskubide batzuk ez galtzeko", argudiatu du.

Bi erakundeentzat EAEko gazteen egoera ondoen islatzen duen hitza "prekarietatea" da, eta bat egin dute gazteen langabezia tasa "tamalgarria" murriztu beharra dagoela esatean.

"Ezin dugu enplegu politikak martxan jartzeaz hitz egin politika horiek gazteen prekarietatea areagotzen badute. Denbora daramagu Jaurlaritzari eta erakundeei ohartarazten gazteen enpleguak ezin duela beka bidezkoa soilik izan", adierazi du Anduezak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Langabezia 2024 Lana berriak Albisteak