Ekonomia -
Aurrekontuen eztabaida
Sanchezek dio Rajoy eta bere aurrekontuak 'iragana' direla
Espainiako presidenteak PSOEren buruak eztabaidan erakutsi duen "maila" gaitzetsi du, izan ere, "ezagutza" handiagoa erakutsi beharko lukeela iritzi dio.
agentziak | erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak esan du 2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorrek kolokan jartzen dutela susperraldi ekonomikoa, eta horiek eta Rajoy bera "iragana" direla azpimarratu du.
Kongresuan aurrekontuen inguruan egin duten eztabaidan, Sanchezek aukera berdintasuna eta Espainiaren kohesioa apurtzea leporatu dio PPren Gobernuari, eta lehiakortasunean hobetzeko ezin dela "sekula lan kostua murriztu" eta langile klasea pobretu kritikatu du.
Buruzagi sozialistak gogor salatu du, era berean, arreta eta mendekotasuneko itxaron zerrenden eta pentsioen Erreserba Funtsen egoera.
Rajoyri zuzenduta adierazi duenez, "Gizarte Segurantzaren egoerarekin lasai bazaude, arduragabe bat zara".
Era berean, Espainiako Gobernuko presidenteari esan dio "ausarta" izan dadila eta zerga amnistia jaso dutenen zerrenda argitara dezala.
Erantzuna
Cristobal Montoro Ogasun ministro espainiarrak "lelokeria berdinak" errepikatzea leporatu dio Sanchezi, "hutsala" izatea politikoki, eta benetako argudiorik ez edukitzea, edukiak eta eztabaida zehatzak interesatzen ez zaizkiolako.
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak PSOEren buruak eztabaidan erakutsi duen "maila" gaitzetsi du, izan ere, "ezagutza" handiagoa erakutsi beharko lukeela iritzi dio.
Kongresuko korridorean azaldu duenez, PSOEk "maila gehixeago merezi zuen" eztabaidan. Bere ustez, "harrigarria" da Sanchezek hainbat legegintzalditan agindu duen alderdiaren izenean maila horretan jardun izana.